XL

ORGATOA

 

        Euriak mahastiraino zabaldua zun lats haundian, orgato zahar bat arkitu dugu kokaturik, bere belar eta laranxa zama pean dana galduta. Neskato zarpil eta zikin bat negarrez ari zan, gurpil baten gainean, bere bular heldugabearen bultzaz, Platero baino ñotoago, ai! ta garrenago zan astotxoari lagundu nahiez. Ta astokoa puskatzen zan haizearen aurka gurdia lohitzutik ateratzeko ahaleginak eginez alperrik, neskatoaren zinkurinezko hotsetara. Bere indarka alperrikakoa zan, haur kementsuena bezela, alditxar batean, lore artean erortzen diran uda-iparraize nekatu horien hegazkada bezela.

        Maite-maite egin nion Platerori ta, ahal bezela, orgatoari uztartu, astoko kaskarraren aurrean. Ordun, behartu nun, agintze maitekor batekin, eta Platerok, indarka batez, orgatoa ta astokoa luparitik atera ta, aldapa gora eraman zitun.

Hura parrezirria neskatoarena! Ur-hodei artean sartzean, leiar horitan zatitzen zan arrats-eguzkiak, haren negar kedarreztuen ostean ortzargi bat piztu ba'lio bezela izan zan.

        Bi laranxa hautatu eskeini zizkidan bere alaitasun negartsuaz. Hartu egin nitun, eskerronez, ta bata astoko ahulari eman nion, pozgarri gozotzat; bestea Platerori, urrezko saritzat.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus