XXXIX

IGANDEA

 

        Orain hurbil, orain urrun, ari dan iraulkako ezkilaren zarata oihulariak durunda egiten du jaigoizeko zeruan oztin guzia leiarrezko bai'litzan. Eta landa, gaiso samarra dagoneko, zirkin alai loretsutik erori notakin urreztatzen bide da.

        Guziak, iguraia barne, herriratu dira elizbira ikusteko. Biok biotara, gelditu gera Platero ta biok. Hau bakea! Hau garbitasuna! Hau lasaitasuna! Goiko zelaiean uzten dut Platero, ta ni joaten ez diran txoriz beteriko lerrondo baten pean etzaten naiz irakurtzera. Omar Kayam...

        Ezkilotsen arteko isilunean, —Urrila-goizaren irakiteak iduri ta soinua hartzen ditu. Liztor hori-beltzak, erlabiomahats mardo osasuntsuz zamatu mahatsondoaren inguruan hegazka dihardute ta loreakin nahasturik dabiltzan ingumaek parre egin iduri dute, hegaz egitean. Bakartasuna, argizko gogoeta bat bezelakoa da.

        Noizean behin, Platerok jatez atertu ta so egiten dit... Nik, noizean behin, irakurtzez atertu ta so dagiot Platerori...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus