XXXVIII

MUTIKO ZOZOA

 

        San Jose kalean barna itzultzen ginan guztian, mutiko zozoa bere etxeko atean zan, bere alkitxoan eserita, besteen igarotzea begiratzen. Ez hitzaren emaitza, ez xoramenaren bezuza inoiz heltzen ez zaien mutiko gaiso horietako bat zan;

mutiko alaia bera ta ikusteko goibel; guzia bere amarentzat, ezer ez andarakoentzat.

        Egun batean, kale zurian zehar haize beltz, gaizto hura igaro zanean, mutikoa ez zan bere atean. Atalas lagun gabean, txori bat kantuz ari zan eta, olerkari baino gehiago aita zan Currosez oroitu nintzan, bere mutikoa gabe gelditu zanean, inguma galizitarrari haren berri galdetu ziona:

 

        Volvoreta d'alinas douradas...

 

        Orain, udaberria etortzean, San Jose kaletik zeruratu zan mutiko zozoa dut gogoan. Bere alkitxoan eserita dago, noski, arrosaen ondoan, berriz zabalduriko bere begiez, zerutar dohatsuen igarotze distitsua ikusten dularik.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus