XXXVII

GAUKOA

 

        Zerurantz gorriz argitu ta jaitan dagon herritik ba-datoz valtz garratzak haize gozatsuan. Dorrea agiri da margul, mintzul eta gogor, ertz alderrai, ubel, urdinska, lasto-antzeko batean ta han, alderriko beheiti ilunen artean, ilargi erori, laru ta logalea estaltzen da ibai gainean.

        Landa bakarrik dago bere zugatzakin eta bere zugatzen itzalakin. Ba-dago kilker-soinu eten bat, ur ezkutuen ameskaitzezko hizketa bat; biguintasun ezatsu bat, izarrak birrintzen bai'liran... Platero arrantzaka ari da itunki, bere ukuiluaren epeltasunetik.

        Ahuntza ernai dago, nonbait, eta bere txilintxa urduri ari da, goxoki gero. Azkenik isiltzen da... Urrun, Montemayor-aldean, beste asto bat arrantzaka... Beste bat gero, Vallejuelon barna... Txakur bat zaunka...

        Gaua hain argia da ta loretegiko liliak beren margoz ikusten dira, egunez bezela. Iturri-kaleko azken etxean barna, argiontzi gorri ta ez-hil-bai-hil baten pean, gizon bakarti batek kalemuturra zehartzen du... Nik ote? Ez, nik, ilargiak, lilaek, lur-haizeñoak eta itzalak egiten duten argi-itzal urrindun, oztin, aldati ta urre-antzekoan, nire pare gabeko bihotz barnea entzuten ari naiz...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus