XXXVI

OSINA

 

        Osina! Platero, au hitz sakon, muskerbeltz, hozkirri, ozena. Hitza bera diagu, biratuz, lur beltza laztabintzen dikana urera eltzeraino.

        Begira: pikondoak pokalea apaindu ta goiberatu egiten dik. Barnean, irispidean, liska zeukateken buztinerre artean, usain sarkorreko lore urdin bat zabaldu dik. Enara batek bazeukak kabia beherago. Gero, itzal hotzezko aterpe baten ostean, esmeralezko jauregi bat zegok, ta bere geldigora harri bat jaurtitzean, haserretu ta gurrinka egiten dikan aintzira bat. Eta zerua, buruenik.

        (Gaua sartzen dek eta ilargia gartu egiten han ondoan, izar aldakorrez apaindua. Isil! Bideetan barna, bizia joan dek urrutira. Osinean barna gogoak ondora iges zegik. Hartan zehar, ilunabarraren beste aldea edo ikusten dek. Eta ba-zirudik zentoi bat, zador guzien jabe, aterako dekala haren ahotik. Nahas-mahas geldi ta liluragarri hori, zuhazti itzaltsu ta usain gozoduna, burdinbizizko jauregi soreztatua!).

        Adi zak, Platero, egunen batean, osin hontara burua jaurtitzen baldin ba'diat, sineskidak, hura hiltzearren ez-baina, izarrak lasterrago atzitzearren izango dek.

        Platerok arrantza egiten du, egarti ta leiaz. Enara bat, izutu, nahastu ta isilik irtetzen da osinetik.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus