XXXV

INAUTERI

 

        Bai dagola galanta gaur Platero! Astelehenita dugu ta mozorroz jantzi diran mutikoek tresna mairutarra ezarri diote, dana gorriz, urdinez, zuriz ta horiz birjosia, arabiko ugaritxokin.

        Ur, eguzki ta hotza. Koloredun paperatxo biribilak ba-daoz pirrilaka, elkar-zutik, kaleertzean barna, arratsalde-haize zorrotzaz, ta mozorroak, hotzak hilik, zernahi egiten dute sakel esku urdinendako.

        Enparantzara heldu geranean, zoro irudiz jantzi emakumezko batzu, ator luze, zuriak eta ilebeltz, askatuetan orri muskerrezko buruntzak ditutenek, bere moltzo zaratatsuaren erdian, Platero hartu dute ta haren baranoan biratu dira pozik.

Platerok, ezmezean, belarriak zutitu, burua goititu ta suak inguratu-lugartz bat antzo, ahalegin egiten du, urduri, nondik-nahi iges egiteko. Baina, hain txikia da ta zoroek ez dute haren bildurrik eta biraka, kantuz eta parrez ari dira haren baranoan. Haurrek, hura atxilo ikusiki, arrantza dagite hark arrantza dagintzat. Enparantza guzia, metal hori, arrantza, parre, kobla, zaldabetxo ta zaparrien batera-jotze harro bat da dagoneko...

        Geroenean, Platero, bipil, gizon bat antzo, moltzoa hausi ta ba-datorkit takataka ta negarrez, tresna apaina erorita. Ez du nahi, nik bezela, Inauteririk... Ez gera hontarako...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus