XXXIV

EGURAS

 

        Bai goxoki goazala, hauntzosto biguinez estalitako udaldiko bide sakonetan barna. Ni irakurtzen, abesten edo zeruari neurtitzak esaten ari naiz. Platerok, esparru gerizatuetako belar urria, zibuinen lore hautseztatua, ozpin-belar horiak horzkatzen ditu. Geldi dago luzaroago, ibiltzen baino. Utzi egiten dut...

        Ortzea urdin, urdin, urdina, nire begi liluratuek geziatua, arbendolondo zamatuen gainean goratzen da, bere azken aintzatara. Landa guzia, isil eta gartsu, dirdiraka ari da. Ibaiean, haize-oihaltxo zuri bat, haizerik gabe, luzarotzen da. Mendi alderuntz, erretaldi baten kemordo trinkoak bere hodei biribil, beltzak goititzen ditu.

Gure ibiltaldia, ordea, oso laburra da. Egun leun eta gerizagabe bat bezela da, era-askotako bizitzaren erdian. Ez zeruaren goraldia, ez ibaia doakion itsasostea, ez ta garren trajeria ere!

        Urresagar usain artean, gaioko burni alai ta berria entzuten danean, Platero arrantzaka ta jauzka ari da pozik. Hau egunean-eguneango atsegin xaloa! Urtegian geraneko, nire edontzia bete ta elur urtu ura edan egiten dut. Platerok ur itzalean ahoa pulunpatzen du, ta han-hemen, garbienean, zekenki, edaten...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus