XXXIII

BULARRETIKOA

 

        Tente zegon, alki kaskar batean, aurpegia zuri ta margul, akara limuritu bat iduri, logela kareztatu ta hotzaren erdian. Atxeterrak baserrira joatea agindu zion, Epaila-eguzkia artzeko; gaisoak, ordea, ezin.

        —Zubira naizaneko —esan zidan— ba-dakusazu, jauna, horma aldean dagola! ito egiten naiz.

        Haur-mintzo mehe ta etena, erortzen zitzaion, udaldian, batzutan, ipar haizea erortzen danez.

        Platero eskeini nion egurastutxo bat har zezan. Haren gainean igo ta, hura parrea, bere hilarpegi zorrotzarena, dana begi beltz eta hortz zuri!

        ...Emakumezkoak atarira ziran gu igarotzen ikustera. Platero baratz zioan, leiarrezko zitori hauskor bat gainean zeramala bai'lekin. Sukarrak eta pozak antz-aldatu neskatoak, bere janzki zuriarekin, hegoaldeko zerurako bidean, herrian sartzen zan aingeru bat zirudin.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus