XXXII

BIAGOA

 

        Hau edertasun goibel, laru ta margula, arratsaldeko eguzkiarena pikondo pean esnatzen naizanean!

        Itsas-haize legor bat, urturiko txaraz gantzutuak, esnatze izerditsua gozaratzen dit. Zugatz zahar, biguinaren arinki eragindako orri haundiek iluntzen naute ala liluratzen. Eguzkitatik itzalera, itzaletik eguzkitara lihoaken sehaska batean goxo-goxo gorgoinatzen bide naute.

        Urrun, lagun gabeko herrian, hiruretako ezkilak bezperak jotzen ditute, haizearen leiarrezko uhin-aldi ostean. Haiek entzunik, antzigar ezti, gorrizko angurri bat ostu didan Platerok, zutik, zurrun, begiratzen nau, bere begi larri, ezmeztiakin.

Haren begi nekatuen aurrean, nire begiok nekatzen zazkit, ostera ere... Itsas-haizea ba-dator, berirro, hegaz egin nahi ta, ziztakoan, hegoak malgutzen zazkion inguma bat antzo... hegoak ... bat-batez, itxiko ziran nire betazal lazoak ...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus