XXX

EKAITZA

 

        Bildur. Arnas geldierazia. Izerdi hotza. Zeru apal, ikaragarriak goizaldia itotzen du. (Ez dago nondik igesi). Isila... Maitasunak tenk egiten du. Errua dardaraz ari da. Erredurak begiak isten ditu. Isilago...

        Ostotsa, motel, burrunbari, amaigabe, gingatik herrira eroriko zan harri zama izugarri bat antzo, goiz bizi gabean zehar dabil, luzaroan. (Ez dago nondik itzuri). Ahul dan guzia —liliak, txoriak— itzaltzen da bizitzatik.

        Izuak, bildurti, bere burua ikaragarriro argitzen dun Jainkoari so dagio, leiho erdidikian zehar. Han, sortaldean, hodei-urradura artean beltztasuna garaitu ezin duten ziguin eta arrosa antzeko kolore hits, zikin, hotzak agiri dira.

        Angelus! Angelus gogor eta bertanberako bat zinkurinatzen ari da ostots artean. Lubileko azken Angelusa? Ta ezkilak laster amaitzea nahi dugu ala gehiago hots egin dezala, askoz gehiago, ekaitza itotzeraino. Ta ba-goaz batetik bestera, ta arrenka ari gera ta ez dakigu zer nahi dugun...

        (Ez dago nondik itzuri) Bihotzak txigorrik daude. Haurrak negarrez...

        —Zer egin ote du Platerok, hain bakarrik han barrioko ukuilu gerizegabean?

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus