XXIX

TXAKUR ZARAGARTSUA

 

        Ba-zetorren, batzutan, argal eta arnas-estuka, baratzeko etxera. Gaisoa igeska zebilan beti, oihu ta harrikaetara ohitua. Txakurrek berek, letaginak zerakusazkioten. Eta ba-zioan, berriz, eguerdiko eguzkitan, astiro ta goibelik, mendian bera.

        Dianaren atzetik heldua zan arratsalde hartan. Ni irtetzen nintzanean, iguriak, bihotz gaiztoko oldar batez, suiskiloa atera ta tiroa jaurti zion. Ez nun eragozteko aldirik izan. Txakur gaisoa, zartada erraietan zularik, biratu zan zorabiaturik lipar batez, intziri biribil zizkolatsu batekin, eta hilda erori zan harkesi baten pean.

        Platero, buruzut, txakurrari begira-begira zegon. Diana, bildurrez, batean eta bestean gordeka zebilan. Iguriak, damuturik, agian, azalpen luzeak ematen zizkion ez zekiala nori, hasarretuz, bere garbaia isildu nahi ta ezin zularik. Estalki batek eguzkia hiletaz janzten bide zun; estalki haundi bat, txakur hil-eraziaren begi osasuntsua hodeitu zun estalki txikixoa bezelakoa. Itsasoko haizeak beheratu eukalitondoek sendokiago negar zegiten, txakur hilaren gainean, urrezko bidean barna eguerdi-ondoak edatzen zun isiltasun barna, zapagarrian...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus