XXVIII

BESTABERRI

 

        Baratzetik itzultzean, Iturri-kalean barna sartuz, latsetatik hiru aldiz entzun genitun joaleek, irixka zuria eragiten dute beren burdinorizko

galdur oihulariaz. Beren ezkilotsa itzulika ari da zizirikoen igotze zartatsu ta burrunbatsuen eta soinuaren metal-hots deadartien artean.

        Kale kareztatu berria ta lugorriz bazterki egina, musker antzean dago oso, eltzunez ta iraur-belarrez jantzia. Leihoak, damasko-oihal gorrizko, ziriku horizko, erraso oztinezko ta, hilondoa duten etxeetan, girgil beltzak ditun artile zurizko dilindaz apaindurik daude. Azkeneko etxeetan barna, Aterpeko bihurgunean, eguzkisartzeko dirdiraen artean, ezko gorrien argia biltzen dun ispiluetako Gurutza agiri da, geldi. Elizbira igarotzen da, astiro. Ikurrin gorrigarbia, ta Erroka Gurena, okinen zaindaria, opilto berriz zamaturik; ikurrin muskerxka, ta Telma Gurena, itsasgizonen zaindaria, eskuetan zilarrezko izontzia dularik; ikurrin horia, ta Ixidor Gurena, luginen zaindaria, bere uztarbeitxoakin, eta margodun ikurrin gehiago, ta Guren gehiago, ta gero, Ane Gurena, Birjinari irakaskizuna azaltzen, eta Joseba Gurena, nabarra, ta Sortze Garbia, urdina... Buruenik, txapel-okerren artean, Iguzki-saindua, bere zilargintza xerratua galburu heldu ta esmeral-antzeko mahats gordinez apaindua, geldi-geldiro bere lurrinkaizko hodei urdinean.

        Eresien latera andaluzitarra goratzen da, argirik, arrats-apalean. Dagoneko arrosazkoa dan eguzkiak, Ibai-kaletik datorran bere izpi apala etentzen du, eliz-txabuxa zaharretako urre-zaman. Goian, dorre gorriaren baranoan, Garagarrilako ordu naretsuaren opal garbian, usoek beren elur gorribiziko lili-txorta garaiak ehuntzen ditute...

        Platerok arrantza egiten du ordun. Ta bere otzantasunak, joalearekin, zizirikoarekin, laterarekin eta soinuarekin, egunaren izkutu argia laguntzen du, ta arrantza eztitu egiten zaio, arro ta apala, jainkotu egiten...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus