XXVI

URRUMAKARIA

 

        Ikazkinaren neskatoa, eder ta zikina, txintxin bat antzo, begi beltzak txartaturik eta mazkara artean ezpain estuek odola leher egiten diotela, txabolako atean dugu, teila batean eserita, nebatxoari lo erazten.

        Orrilaren ordua dardaraka ari da, gartsu ta argi, eguzki bat barnetik bezela. Pake diardaritsuan, landan egosten ari dan eltzea entzuten da,

        Larreko marroatzea, itsasoko haizearen alaitasuna eukalitondoen matatsean.

Bihotzondoz ta eztiki, ikazkin- alabak abesten du:

 

        Mi niño se va a dormir

        en gracia de la Pastora...

 

        Geldialdi... Haizea...

 

        ...y por dormirse mi niño,

        se duerme la arrulladora...

 

        Haizea... lerrondo erreen artean otzanik dabilan Platero, ba-dator goxo-goxo... Gero, lur ilunean etzan eta, ama-ahapaldi luzeaz, lokartu egiten da, haur bat bezelaxe.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus