XXV

ENARAK

 

        Hortxe duk dagoneko, Platero, beltzitxo ta bizkorra, Montemayorko Neskatxaren laukiko bere kabi urdinarrean, beti begiratutako kabia.

        Dohakabea izutu antzean ari dek. Enara gaisoak oraingoan huts egin ditek, nik uste, lehengo astean oiloek huts egin zitekan bezelaxe, beren estalpean bilduz, ordu bietako eguzkia itzali ukanean. Udaberri goizoilanda, goizago jeiki ukan aurten, baina bere larrugorri samurra Jorrailaren ohe hodeituan gorde behar izan dik berriz, hotz-dardaraz. Mingarria dek laranxadiko arrosa nahasgabeak, kuskutan zimeltzen ikustea.

Ba-dituk hemen enarak, Platero, ta ozta-ozta entzuten dituk beste urtetan bezela, beren etorrerako lehenbiziko egunean, guziari, agurka ta usainka ari ditukala beren txinta nabarrez. Apirkan ikusia jalkitzen zietekan loreai, beren bi itsasaldiak, uretan etzanak, hegoa haize-oihal, ala ontzietako itsutaetan; beste eguzki-sartze batzuez, beste ortzargi batzuez, beste gau izartsuez...

        Ez zekitek zertan ari. Mintzulik, bidea galduta, hegaz zegitek txindurriak zebiltzan eraz ume batek bidea oinkatzen ziotekenean. Ez ditek bekokirik Kale Berrian gota ta bera joateko artez-artez, azkeneko apaindura harekin, ez osinetako ohatzeetan sartzeko, ez ipar-haizeak hots eragindako urrutidazkineko loroetan kokatzeko, bere kutxadun lauki ezagunean, bakargailu zurien ondoan... Hotzarren hilgo dituk, Platero!

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus