XXIV

DARBON

 

        Darbon, Plateroren osalaria, idi zuri-nabarra bezelako haundia da, angurri bat bezelako gorria. Hamaika arroa astun. Ba-du, berak dionez, hiru ogerlekoko adina.

Mintzo danean, ereskiek huts egiten diote, piano zaharrai bezela; beste batzutan, hitzen orde, haize-iges bat irtetzen zaio. Ta huts hauek ba-daramazkite laguntzat, buru-gurkak, goratuzko eskukadak, zarmin-ezmezak, eztarri-zinkurinak eta sur-zapian txuak, nahiaren bete-betekoak. Apalaurreko soinu-jotze atsegina.

        Ez dauka haginik ez hortzik eta, aurretik eskuan oretzen dun ogimamina bestetsurik ez du jaten. Potor bat egin eta aho gorrira! Hantxe dauka ordubetean irabiaka. Gero, beste potor bat, eta beste bat. Oiakin ahogozatzen ari da ta okotzak zudur zubitua atzitzen du.

        Idi zuri-nabarra bezelako haundia dala esan dut. Erremendaldegiko atean, etxea estaltzen du. Baina samurtu egiten da, haur bat bezela, Platerokin. Eta lili bat, naiz txoritxo bat, ikusizkero, parre egiten du beingoz, aho osoa zabalduz, beti negarrean amaitzen dan parre goratu haundi batekin. Gero, berera izanda, hilerri zaharreko aldera begiratzen du:

        —Ene alabatxoa, ene alabatxo gaisoa...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus