XXIII

ITSABASTEA

 

        Eskuak sakeletan sartu genitun, ezustean, eta bekokiak itzal hozkirriaren hegaketa sumatu zun, lertegi ito batean sartzen danean bezelaxe. Oiloak, bana-banaka, bilduz zihoazten beren zurubi gordean. Inguruan, landak bere muskerra, hiletaz jantzi zun, aldare nagusiko estalki ubelak gerizpetu bai-lun. Urrutiko itsasoa, zuri agiri izan zan eta zenbait izar zurbilik argitu ziran. Nola zihoazten etxegainak zuria zuriaren orde aldatzen! Haietan geundenok bitxikeri hobeak ala txarragoak didar egiten genizkien elkarri, txiki ta goibelak ilunaldiko isil labur hartan.

        Edozerekin, so egiten genion eguzkiari: antzoki-begiordeen bidez, ikusmen luzeko betaurrekoaz, bonbil batez, leiar keztatu batez; baita alde guzietatik: begiratokitik, orueko zurubitik, mandioko leihotik, baillako burnihesitik. Bere leiar gorri ta urdinetan zehar... Lehentxeago, bere argizko ta urrezko nahasi-mahasiz, guzia bi, hiru, ehun bidarretan haundiago ta hobea egiten zun eguzkia eskutatzean, ilunabarraren igarotze luzea gabe, guzia soilik eta behartsu uzten zun, lehenik hamaseikoak eta gero zilarra tupiko orde truk egin bai-lun. Herria txanpon herdoitsu ta dagoneko hauxirik gabeko bat bezelakoa zan. Bai goibel eta txikiak, kaleak, enparantzak, torrea, mendietako bideak!

        Platerok, han, ukuiluan, ba-zirudin asto ez hain egizko bat, bestelakoa, moztua; beste asto bat...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus