XXII

KILKERRAREN LELOA

 

        Platerok eta biok, gure gau-ibilketaetatik ongi ezaguna dugu kilkerraren soinua.

Kilkerraren lehenbiziko soinua, ilunabarrean, ez-hil bai-hil, ixil eta latza duzute. Aldatu egiten du erespidea, berez ikasten eta, goxo goxo, goratuz doa, bere tokiratuz doa, lekuaren eta orduaren elkar-hartzea bilatzen bai'lioan. Halako batean, zeru musker eta gardenean izarrak ba-daudela, soinuak txintxil lokabezko gozotasun hotseztitsua hartzen du.

        Itsasaize hozkirri, ubelak, ba-doaz ta ba-datoz; gau-liliak osotara zabaltzen dira, ta nahasturiko zeru-lurretako zelai urdinen lurringai aratz eta jainkozko bat ba-dabil orron, zabaldian barna. Eta kilkerraren soinuak goratu ta, landa osoa betetzen du; itzalaren mintzoa bezela da. Ez dabil ez-mezean dagoneko, ez da isiltzen. Bere baitarik irtetzen bai'litzan, ereski bakoitza bestearen bikia da, leiar ilunezko anaigo batean.

Ba-doaz orduak narerik. Ez dago gudarik lurrean eta luginak ongi egiten du lo, bere ametsaren muga garaiean zerua dakusalarik. Maitasuna, agian, ba-dabil zoraturik, begiak begietan, horma bateko aihenbelarren artean. Baba-alorrek urrin eztizko geznak igortzen dizkiote herrira, gaztaro lokabe, bakun eta barrenkor batean bezela. Ta garoak kulunka ari dira, ilargiz muskerrak, ordu-bietako, hiruetako, lauetako haizeari hasperenka... Kilkerraren soinua, jotzearen jotzeaz, galdu da...

        Hemen dugu ¡O, kilkerraren goizaldiko lelo hori, garoak zurituriko indaetan barna, Platero ta biok ohera goazanean hotzikaraez estu-erazita!

        Ilargia erortzen da, gorrixka ta logale. Honezkero, soinua ilargiz mozkorrik dago, izarrez hordirik, bihotz-ixuri, izkututsu, ugari... Zibuinantzeko urdin, goibel batez ertzeztatu —hodei haundi, negargarri batzuek, eguna itsasotik ateratzen duten aldia da...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus