XXI

UDA

 

        Akainen zimikoak dirala ta, Platero odola txirrian dariola doa, odol lodi ta ubel bat. Martinarra inoiz heltzen ez naizen lerrondo bat zerratzen ari da... Lipar bateko lo baten ondoren, begiak idekitzean, hondarrezko ikuspegia zuri bihurtzen zait, hotz bere sukarrean, idurizkoa.

        Txaradi apalak beren ezbaiko lore haundiez izarreztaturik daude, keezko arrosak, miesazkoak, ziriku-paperazkoak, beren lau malko gorrigarbiakin; eta arnasgabetzen dun laino batek lerrondo zapalak igeltsuz margoztutzen ditu. Inoiz ikusi gabeko txori hori bat, orein beltzekin, adar batean luzarotzen da mintzul.

        Baratz-jagoleek latoia jotzen dute, talde urdin haunditan, laranxa bila datozan errabuoak izutzeko... Intxaurrondo haundiaren gerizpera heltzen geranean, bi angurri zatitzen ditut beren antzigar gorri ta arrosa-antzekoa zabaltzen dutenak karrakada luze berri batekin. Nirea jaten dut geldiro, herriko bezperak, urrun, entzuten ditudala. Platerok berearen mami goxoa edaten du, hura bai'litzan...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus