XX

ASTO - ELESTIA

 

        Hauxe irakurtzen dut hiztegi batean: «Asto-elestia: esaten da, inakaz, astoaren zekatzea esan ordean».

        Asto gaisoa! Horren ona, horren zintzoa, horren zorrotza zerala ta! Inakaz... Zergatik? Benetako zekatze bat ere ez duzu merezi zuk, zure egi-hutsezko zekatzea udaberri ipuin bat izatekoa dana? Ona dan gizonari asto esan behar bai'liokete ta! Gaiztoa dan astoari gizon esan behar bai'liokete ta. Inakaz... zuri, horren burutsua, zaharraren eta haurraren adiskidea; latsaren eta ingumarena; eguzkiaren eta txakurrarena, lorearen eta ilargiarena, jasankor eta ohartuna, mudurri ta maitekorra, zelaietako Mark Aureli hori...

        Platerok ulertzen du, nonbait, eta niri so-ikika dago, bere begi haundi, distikor, gogor-biguinez. Haietan eguzkia dirdiratzen da ñoto ta zartatsu, izartegi beltz, labur, ganbil batean. Ene! Bere burutzar iletsu, eztiak zuzenbidea dagiodala ba'leki, Hiztegiak idazten dituten gizonak baino hobea naizela, hura bezain ona hurran!

Ta idaztiaren ertzean, hauxe idatzi dut! «Asto elestia: esan behar da, inakaz, jakina! Hiztegiak idazten ditun gizon ertzoaren zekatzea esan beharrean».

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus