XIX

OSTIKOA

 

        Ba-ginoazan, Montemayorko landetxeruntz zekorren erauzitegira. Arrats-beherako zeru urdin, neurrigabe ta gartsuaren azpian itzaltsu zegon bailla harriztatua, ozen dardaritzen zan zaldi lehiatsuen irrintziaz, emakumezkoen parre berriaz, txakurren zaunka zorrotz, urduriez. Platero, bazter batean, urdailtzen zan.

        —Baina, gizona —egin nion— ezin haiteke etorri gurekin, oso txiki haiz ta...

Hainbeste zoratzen zan eta eskatu nion ergelari haren ganera igo ta gurekin eraman zezala.

        ...Landa argian barna, hura zaldikatze alaia! Padura irrikoiak urrez gerrikaturik zeuden, eihara itxiek bikuntzen zituten beren ispilu apurtuetan eguzkia zutelarik. Zaldien takat gogor, biribil artean, Platerok bere takatetxo zorrotz, arina goratzen zun, isituki ugaritu behar zuna bidean bakarrik ez gelditzeko. Tanpez, pistola zartada baten antzeko hotsa entzun zan. Platerok moxal segail zuribeltz bateri buztanpekoa ukitu izan zion ahoaz eta moxalak ostiko laster batekin erantzun. Inork ez zun jaramonik egin, nik, ordea, ikusi nun Platero esku batean odol-jarioa zeukala. Zaldiagandik jetxi ta, arantza batez eta zurdile batez, zain etena lotu nion, eta gero ergelari esan etxera zezala. Biak itzuli ziran, geldi ta gobelik, herritik jexten dan erreka legorrean barna, gure taldearen iges egite distikorrari burua itzuliz.

        Landetxetik etxeratu ta Platero ikustera joan nintzanean, mudurri ta mindun arkitu nun.

        —Ba-dakusk —hasperatu nion— ezin haitekela inora joan gizonakin?

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus