XVII

HOTZIKARA

 

        Ilargia gurekin dator, haundi, biribil, aratz. Zelai loguraetan, ez dakit nolako ahuntz beltzak erdikusten dira, martutsen artean ... Norbait ezkututzen da, isilik, gu igarotzean ... Hesiaren gainean, adaburuan hodei zuri bat matazaturik daukan lorez ta ilargiz elurturiko arbendolondo batek, Jorraila-izarrez geziatutako bidea gerizatzen du... Laranxa-usain sarkor bat... Astare ta ixiltasuma... Sorginen mendiartea...

        —Platero, hau... hotza!

        Platero, ez dakit bere ala nire bildurrarren, takataka ari da, latsean sartzen, ilargia oinkatzen du ta zatitzen. Ba-dirudi leiarrezko arrosa argi mulko bat nahaspildu bai'litzan, hura atxiki nahirik haren takatadan...

        Ta arin dabil Platero, aldapa gora, buztanpekoa uzkurturik, norbaitek atzitu nahi bai'lun, hurbiltzen dan herriaren epeltasun gozoa dagoneko sumatuaz...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus