XVI
EMAZTEGAIA
Itsas-haize argiak, aldapa gorrian gora, mendigaineko belartzara heldu ta lore txuri, biguinen artean parre egiten du; gero, garbitu gabeko izaien artean nahas-mahastu ta armiarmasare oztinak, gorri-antzekoak, urrezkoak... gorgoinatzen ditu. Arratsalde osoa dugu itsas haize honezkero. Ta eguzkiak eta haizeak, atsegin goxoa ematen diote bihotzari!
Pozik, zailu, gertu narama Platerok. Astun ez natzaiola eran liteke. Aldapan bera bai'ginoazan, igotzen gera muinora. Urrutian, girgil dirdaritsu, margogabe bat dardaraz ari da, azken lerrondoen artean, izaro ikuskari antzean. Han behean, belardi muskerretan, asto lotuak txaparrik-txapar jauzika ari dira.
Udaberri-dardar bat noraezean dabil menditarteetan barna. Halako batez. Platerok belarriak zutitzen ditu ta sudur goitituak zabaltzen, begietaraino malgutuz bere hortz horien babarrun haundiak agirian uzten. Agian, bihotza erdiratzen dun ez dakit zelako urringai barna arnasartzen ari da luzaro, lau haizeetatik. Bai, ba-dauka hor, beste muino batean, maitea, segail ta hauskara zeru urdin gainean. Eta bien arrantza ozen, luzeek ordu argitsua hausten dute beren turutotsez ta, turrusta bikitan, erortzen dira gero.
Nire Platero gaisoaren olde maitekorrari aurka egin behar. Larre-emaztegai galantak ba-dakus hura igarotzen, goibelik bera bezela, haren azabatxezko begiak irudiz beterik. Alperrikako aldarri zurgarria, larranbiloetan barna mokorki pirrilaka zoazana!
Ta Platero takataka ari da bihurrikiro, txitean-pitean, itzuli nahirik, bere takata txehean erantzuki bat dularik:
Gezurra dirudi, gezurra dirudi, gezurra dirudi...
© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga