XV

ADISKIDETASUNA

 

        Ongi hartzen dugu elkar. Nik hura haren nahierara joaten utzi ta berak nahi dudan artara naroa beti.

        Ba-daki Platerok eder zaidala Coronako lerrondora heltzean, haren zubilera hurbildu ta hari maite egitea, ta adaburu larri ta argian zehar zerura begiratzea; ba-daki, soropil artean, iturri zaharrera dioan bidexkak atsegintzen naula; jai bat dala niretzat nozbaiteko lekune bat gogoratzen dun ler-murutik ibaia ikuskatzea. Haren gainean, ardura gabe, erdi-lokartzen baldin ba'naiz, nire esnatzea horrelako ikuskizun atseginen batera zabaltzen da beti.

        Ume bat bai'litzan erabiltzen dut Platero. Bidea malkar egin eta astun samar baldin ba'natzaio, jetxi egiten naiz hura arintzeko. Musu egiten diot, iruzur egiten, haserrerazten dut... Berak, maite dudana ongi ulertu ta ez du niganako mindurarik. Hain nire orobatekoa da ta neronen ametsak amets egiten ditula sinesten dut.

        Platero niri emana da neskatx maitemindu bat antzo. Etsi-etsia dagokit. Ba-dakit haren zoriona naizena. Asto ta gizonengandik iges egiten du ere. . .

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus