XIV

ILUNDIRIKO JOKUAK

 

        Herriko ilunabarrean, Platero ta ni, hotzak hilik, ibai legortura jotzen dun kaletxo landerreko ilune ubelean sartzen geranean, haur txiroak elkar-bildurka jolasten ari dira, eskalearenak eginaz. Batek zaku bat ipintzen du buruan, beste batek ikusi egiten ez dula dio, beste batek herrenarena egiten.

        Gero, haurtzaroko itsumustuko aldatze hortan, zapata batzu ta soineko bat ba-dauzkatela ta beren amaek, haiek jakingo dute nola, jaten eman dietela ta, errege-seme batzu diralakoan daude:

        —Nire aitak zilarrezko erloju bat zeukak.

        —Ta nireak zaldi bat.

        —Ta nireak suiskilu bat.

        Goizaldean jeiki-eraziko dun erlojua, gosea hilgo ez dun suiskilua, ondikora eramango dun zaldia.

        Ingurua, gero. Hainbeste belztasun artean, neskato batek, mintzo ahulez, urezko leiar-haria itzalean, abesten du ahoskeraz, erregintxo bat antzo:

 

        Yo soy la viudita

        del conde de Oré...

 

        ... Bai, bai! Abestu, amets egin, haur ezeukiok! Laster, zure gaztaroa goiztutzean, udaberriak izutuko zaituz, eskeko batek bezela, negu mozorro taldean.

        —Hots, Platero...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus