XIII

ARANTZA

 

        Larrean sartzen dalarik, herrenka asi da Platero. Lurrera jauztu naiz...

        —Baina, gizona, zer duk?

        Platerok eskuina goratuxerik utzi du, eriartea erakutsiz, indar eta hazta gabe, bideko hondar gartsua ia ukitzen ez dula.

        Darbon zaharra, haren osagileak baino ardura gehiagoz, nonbait, eskua malgutzen diot eta eriarte gorriari so egiten. Laranxa osasuntsuzko arantzatxo luze ta musker bat ba-dauka han iltzatua, esmeralezko sastakaitxo bat iduri. Plateroren minaz ikaratuta, teink egiten diot arantzari; ta ba-daramat gaisoa zitori horietako latsera, ur lasterrak zauritxoa milika dezaion, bere mingain luzeaz.

        Gero, jarraitu gera itsaso zuriruntz, ni aurrean, bera atzean, oraindik herrenka ta bizkarrean talkada biguinak niri emanaz...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus