XII

IZUALDI

 

        Haurren bazkaria zan. Argiontziak bere argi zurigorri, epela amets egiten zun elurrezko zamauaren gainean, eta mokobelar gorriek eta sagar nabarrek, arpegi bakunezko maite-eresi xalo hura poz latz batez margotzen zuten.

        Neskatoak emakume antzo jaten ari ziran; mutikoek gizon batzuen antzera ari zuten. Zokondoan, umetxo bati bular zemaiolarik, ama gazte ile-hori ta ederra, haiei begira zegon parrezirriz. Baratz aldeko leihoan zehar, gau izartsu, argia dardarka ari zan, gogor eta hotz.

        Bat-batetan, Edurnek iges egin zun, izpi ahul bat iduri, bere amaren besoetara. Itsumustuko isilunea egin zan eta gero, alki erorien zarata batez, guziek laster egin zuten haren ondotik, biziki zalapartaka, leihora begira, izuturik.

        Platero zozoa! Itzalak, leiarrek eta bildurrak erraldoi egindako bere burutzar zuria leihoan jarrita, jangu piztu, goxoa ikartzen zun, geldi ta hitsik.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus