XI

KANARIA HEGAZKA

 

        Egun batean, kanari muskerrak, ez dakit nola ez zergatik ere, bere kaiolatik hegaz egin zun. Kanari zahar bat zan, emakume hil baten oroitza iluna, gosez nahiz hotzez hil, ala katuek jango zuten bildurrez aindu izan ez nuna.

        Goiz guzian ibili zan baratzeko puni-sagartzeen artean, atadiko lerrondoan, lilaetan barna. Haurrek goiz guzia eman zuten ere, soilairuan eserita, txori horizkaren hegazkada laburretara begira-begira. Platerok bere eskuko, arkakaratsen ondoan atsegin hartzen zun, inguma batekin jostaketan.

        Arratsaldean, kanaria etxe haundiko hegaztegira etorri ta hantxe ekuratu zan luzaro, beheratzen zan eguzki goxotan intzirika. Ziztakoan, eta inork, ez nola ez zergatik, ez zekila, kaiolan agertu zan, alai berriro.

        Hura poz haundia baratzean! Haurrak jauzika ta txaloka ari ziran, musu-gorri ta parrekoi, ortzargiak iduri; Diana, zoraturik ba-zerraien, beraren txilintxa parretsuari zaunka eginaz; Platero, kutsua hartuta, zilarrezko haragi-uhinaldi batean, antxume bat bezelaxe, zintzilipurdika, ari zan, hanka gainean biraka, valtz zakar batean, eta, esku-gainean jarrita, haize argi ta epela ostiko jotzen zun...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus