IX

RONSARD

 

        Platero, lepo-soka askatuta, zelaitxoko larranbilo garbien artean bazkan ari dala, lerrondo baten pean etzan naiz, bidezorro mairutarretik idazti labur bat atera ta, ezaupide batetik hura zabalduz, hasi naiz irakurtzen:

 

        «Comme on voit sur la branche au mois de mai la rose

        en sa belle jeunesse, en sa première fleur,

        rendre le ciel jaloux de...

 

        Goian, azken adarretan, jauzika ta txioka ari da txoritxo arin bat, eguzkiak urrezko egiten duna, galdur musker, adiagile guzia bezela. Hegazkada ta txinta artean, txoriak jaten ditun hazien zatitzea entzuten da.

 

        ...jaloux de sa vive couleur...

 

        Gauza larri ta epel bat aurreratzen da, sostean, nire sorbalda gainean, branka bizi bat bezela... Platero dut, Orpeuren lirak liluratua, nonbait, nirekin irakurtzera datorrena. Irakurri egiten dugu:

 

        ... vive couleaur,

        quand l'aube de ses pleurs au point du jour l'a...

 

        Baina, laster egosten bide dun txoriñoak hitza estaltzen du, ereski huts batez.

Ronsardek parre egin edo du lurpean...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus