VIII

BIDEKO LOREA

 

        Bai dekala aratza, Platero, ta bai dekala jaioa, bideko lore hau! Taldeak oro igarotzen dituk haren ondotik —zezenak, ahuntzak, moxalak, gizonak— ta hura, hain samur eta ahula, beti diagu tente, goxo ta txairo, haren hesi ilunean, inongo zikinkeriz kutsutu gabe.

        Egunean-egunean, aldapa astean, zeharbidea hartzen diagunean, hik ikusi duk bere leku muskerrean. Orain ba-dik bere alboan txoriño bat, gu hurbiltzean goratzen dekana —zergatik?—; ala beterik zegok, edontziño bat antzo, uda-hodei baten ur garbiaz; orain erle baten lapurreta nahiz inguma baten edergailu aldakorra onartzen dik.

        Lore hau egun gutxi biziko dek, Platero; haren oroia, ordea, betiko diakegu. Bere bizitza hire udaberriko egun bat bezelakoa, nire bizitzako udaberri bat bezelakoa izango dek. Ene! zer emango niokek nik udazkenari, Platero, jainkozko lore honen orde, hura izan zedikan, egunero, gurearen eredu xaloa?

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus