VII

ZOROA

 

        Ileta-jantziaz, nire bizar nazaretar eta nire kapela beltz txikiarekin, itxura bakana eman behar dut, Plateroren biguintasun arrearen gainean zaldika.

        Mahastietara noalarik, kare ta eguzkiz zuri dauden azken kaleetan zehar igarotzen naizenean, ijito-kume oriotsu ta sapaztoek, beren sabel estu ta kiskailduak, zarpa musker, gorri ta horietatik at ditutela, gure atzetik laster egiten dute, luzaro karraisika:

        —Zoroa! Zoroa! Zoroa!       

        ...Aurrean, ba-dut zelai muskerra. Anil bizizko ortze baztergabe ta garbiaren aitzinean, nire begiok —nire belarrietatik hain urrun!— zintzoki zabaltzen dira, uartzeko amaigabea bizi dan izen gabeko naretasun hori, eztitasun neurridun eta jainkozko hori, beren bakean amen ditutelarik.

        Eta, han urrun, goiko larrainetan, deadar zorrotz batzu, emeki motelduak, etenduak, atsandituak, aspertuak gelditzen dira...

        Zor...oa! Zor...oa!

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus