VI

ANGELUS!

 

        Begira, Platero: hamaikatxo arrosa erortzen dituk edonondik: arrosa urdinak, arrosa zuriak, margo gabeak... Zerua arrosatan goiberatzen bide dek. Begira nola betetzen zaizkidakan arrosaz bekokia, sorbaldak, eskuak... Zer egiteko nik honenbeste arrosakin?

        Hik ote dakik nondikoa dekan, nik nondikoa dekan ez zekiadan lore biltz biguin hau, egunero ikuspegia samurtu ta eztiki zurigorri, zuri ta oztina uzten dikana —arrosa gehiago, arrosa gehiago— zerua belauniko margoztutzen zian Fra Angelicoren lauki bat antzo?

        Parabisuko zazpi solairuetatik egozten dizkitek arrosak lurrera, ustez. Elurtza epel eta ezbaiko margodun batean bezela, arrosak torrean, hegaztegian, zugatzetan gelditzen dituk. So egik: sendo dekan guzia, guri bihurtzen dek haren apaingaiaz. Arrosa gehiago, arrosa gehiago, arrosa gehiago...

        Ba-zirudik, Platero, Angelusek jotzen dikaino, gure bizitza honek beronen eguneroko indarra galtzen dikala, ta beste barreneko indar goitiago, iraukorrago ta aratzago batek, guzia, zoramenezko zirriztadatan bezela, arrosa artean piztutzen ditukan izarretara igo-erazten dikala... Arrosa gehiago...

        Hik ez ikusten eta zerura otzanki goratzen ditukan hire begiok, Platero, bi arrosa eder dituk...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus