III

ALAITASUNA

 

        Ilgora dirudin Diana txakur-eme zuri, jaioarekin solasean ari da Platero; ahuntz arre, zaharrarekin, haurrekin...

        Jauzika ari da Diana, zailu ta pinpirin, astoaren aurrean bere txilintxa arina joaz, eta muturra autsikitzen diolakoa egiten du. Ta Platerok, belarriak zutituz, bi pita adar antzo, oldartzen zaio biguinki ta pirritarazten du belar loredunaren gainean.

        Ahuntza Plateroren ondora doa, hankak arinki ukitzen dizkiola, hortzekin zamako hegozkoen muturretik tiratuz. Klabelin bat nahiz idibegi bat ahoan dula, haren aurrean jarri ta bekokian talka egiten dio, ta gero jauzika ari da, ta alai beeka, emakume bat bezelakoxe loisintzalea.

        Aurren artean, jostailu da Platero. Berea bai egonarria haien erokeriak jasateko Bai poliki-poliki doala, geldituz, zozoarena eginaz, haiek eror ez ditezan! Bai izutzen ditula, bat-batez, gezur-taka-taka hasiaz!

        Moguerko udazken arratsalde argiak! Urrilako haize aratzak soinu garbiak zorrozten ditunean, bee, arrantza, haur-parre, zaunka ta txilintxazko maite-eresi gozoa igotzen da ibarretik...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus