II

AGERI GORRIA

 

        Tontorra. Hor dugu eguzki-sartzea dana purpurez jantzia, nondik-nahi odol ateratzen dioten agerien leiarrek berek sakaildua. Haren dirdaiaz, lertegi muskerra mindu egiten da, gorrituxerik; eta belarrek eta lilitxoek, gori ta gardenik, lipar goxoa urringai busti, sarkor eta argikor batez gantzutzen dute.

        Sorgorturik gelditzen naiz ilunabarrean. Platero, begi beltzak arrats-berazko gorriak, ba-doa otzan, gorri-bizizko, arrosazko, lili-ubelezko idoi batera, ta berak ukitzean urtutzen bide diran ispiluetan sartzen du ahoa emeki; ta ba-dago, bere eztarri larrian zehar, odolezko ur itzaltsuen igarotze ugari bat bezela.

        Lekua ezaguna da, uneak, ordea, irabiatzen du ta arrotz, hondakizunez ta oroigailuz betea egiten. Txitean-pitean, bertan-berako jauregi bat idoroko dugula esan liteke ... Arratsaldeak beragandik baino harago luzatzen du adarra, ta ordua, betirautez kutsutua, amaigabe, baketsu, hondogabea da...

        —Hots, Platero ...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus