XIV
AZKEN ORRIALDEA

 

        Horiek dira bizitzaren egunsentian liluratzen eta nahasten gaituzten kimerak. Idatziz zehazten saiatu naiz ordena handirik gabe, baina bihotz askok ulertuko naute. Ilusioak banan-banan erortzen doaz, fruitu baten oskolak bezala, eta fruitua esperientzia da. Zapore mingotsa du; badu, ordea, bizkortzen duen zera mikatz bat ere —eta barkaidazue antigoaleko estilo hau. Rousseauk dio naturaren ikuskizunak gaitz guztiez kontsolatzen gaituela. Horregatik aldian-aldian lanbro artean galduriko nire Clarenseko basoetara joaten naiz, Pariseko iparraldean. Zein aldatua dagoen dena!

        Ermenonville! Oraindik orain antzinako idilioa, Gessnerren obratik bigarren aldiz itzulia, loratzen zen zure lurretan, eta zenuen izar bakarra galdu duzu, niretzat distira bikoitzez dir-dir egiten zuena! Urdina eta larrosa elkarren segidan, Aldebaran izar engainagarria bezala, Adrienne edo Sylvie zen, amodio bakar baten bi erdiak. Bata ideal sublimea zen; bestea, berriz, errealitate eztia. Zer ardura zaizkit orain zure baso itzaltsuak eta aintzirak, edo zure basamortua? Othys, Montagny, Loisy, inguruko herrixka pobreak, Chaalis —zaharberritzen ari direna—, ez duzue garai haietako ezer gorde! Noiz edo behin leku bakarti eta zoragarri horiek berrikusteko premia sentitzen dut. Han antzematen ditut nire baitan naturaltasuna itxurakeria Zen garai bateko aztarna iheskorrak; batzuetan irribarre egiten dut granitozko harrien saihetsean irakurtzen ditudanean Roucher-en ahapaldi batzuk, garai hartan sekulakoak iruditzen zitzaizkidanak, edo maxima moral batzuk iturri baten gainean edo Pan jainkoari eskainitako haitzulo baten ondoan. Hain kostu handiz hondeatutako urmaelek alferrik zabaltzen dute beren ur hila, zisneek arbuiatzen badute. Aspaldi joan ziren Condetarren ehizaldietako partaideek beren amazona harroekin desfilatzen zuten garaiak, ehiza- adarrek elkarri urrutitik erantzuten ziotela, oihartzunen eraginez ugaldurik!... Ermenonvillera zuzenean joateko biderik ere ez da gaur egun. Batzuetan Creil eta Senlisetik zehar joaten naiz; besteetan, berriz, Dammartinetik.

        Dammartinera ezin da ilunabarra baino lehen iritsi. Beraz, San Juanen Irudia-n hartzen dut ostatu. Nahiko gela txukuna eman ohi didate, antigoaleko tapizeria eta ispilu kornukopiadun batez apaindua. Merkedendetako altzariei aspaldi uko egin banien ere, gela honetan haietaz baliatzea egokitu zait azkenean. Goxo-goxo lo egiten da edredoiaren azpian, lurralde honetan ohi den bezala. Biharamun goizean, mahats-hosto eta larrosez inguraturiko leihoa irekitzen dudanean, hamar legoatako zeruertz berdea aurkitzen dut estasiaturik, non makalak ejerzitoak bezala lerrokaturik dauden. Hanhemenka zenbait herri gerizatzen dira kanpandorre zorrotzen azpian, hezur-punta tankerakoak, bertakoek diotenaren arabera. Lehenik Othys bereizten da, gero Eve, gero Ver; Ermenonville ere begiztatuko litzateke, basoez haraindi kanpandorrea izango balu, baina leku filosofiko horretan ez dira elizaz arduratu. Ordeka hauetan arnasten den aire garbiaz birikak ongi bete ostean, alaiki jaitsi kalera, eta gozotegira joaten naiz bueltatxoa ematera.

        —Kaixo, Kankailu Ile-kizkur!

        —Zer moduz, paristarra!

        Haurtzaroko lagunarteko ukabilkadak ematen dizkiogu elkarri eta gero eskailera jakin bat igotzen dut, non bi haurren oihu alaiek harrera egiten didaten. Sylvieren irribarre atenastarra loratzen da distiratsu haien aurpegi xarmangarrietan.

        «Agian hor zegoen zoriona, baina... », esaten dut neure artean.

        Noiz edo behin Lolotte deitzen diot, eta berak Wertherren antz pixka bat aurkitzen dit, pistoletan izan ezik, modaz pasata baitaude. Kankailu Ile-kizkurra bazkariaz arduratzen den bitartean, paseatzera joaten gara haurrekin, gazteluko adreiluzko dorre zaharren hondakinak inguratzen dituzten ezki-etorbideetan zehar. Eta umeek uztaiaren kofradeen tiro-ariketak egiten dituzten bitartean, aitaren geziak lastoan sartuz, guk poema batzuk irakurtzen ditugu, edo egun inprimatzen ez diren liburuxka zahar horietako orrialde batzuk.

        Ahaztu egin zait esatea Aurelieren konpainiak Dammartinen antzezpena eskaini zuen egunean, Sylvie eraman nuela ikuskizunera, eta galdetu niola ea ez ote Zion aktoresari hartzen lehendik ezagutzen zuen norbaiten antza.

        —Noren antza hartzen diozu zuk, bada?

        —Gogoan duzu Adrienne?

        Barre-algara ozena egin zuen eta esan zidan:

        —Bururatzea ere!

        Eta gero, bere buruari aurpegiratuko balio bezala, erantsi zuen hasperen eginez:

        —Adrienne gaixoa! Saint-S...-eko komentuan hil zen 1832. urte inguruan.

 

 

 

© Gérard de Nerval
© itzulpenarena: Joseba Urteaga

 

 

Gérard de Nerval euskaraz