XIII
AURELIE
Parisera! Kotxeak bost ordu behar izaten ditu. Ilunabarrerako iritsi nahi nuen. Zortzietan teatroan nintzen betiko lekuan; Aureliek inspirazioa eta xarma erruz zituela erakusten zuen garaiko talentu batek Schillerren erara eginiko bertso batzuen bidez. Bikain egon zen lorategiko eszenan. Laugarren ekitaldian ez zen azaltzen eta ni madame Prevosten loradendara joan nintzen lore-sorta bat erostera. Gutun maitekor bat erantsi nion, Ezezagun bat beste sinadurarik gabe. «Agian zerbait ziurtatuko dit etorkizunerako», pentsatu nuen neure artean. Eta biharamunean Alemaniako bidean nintzen.
Zer egin behar nuen han? Ordena pixka bat jarri nire sentimenduetan. Nobela bat idatziko banu, inork ez luke onartuko aldi berean bi amodioz maitemindutako bihotz baten historia. Sylviek ihes egiten bazidan, nire erruagatik zen; baina nahikoa izan zen egun batean berriro ikustea nire arima berpizteko. Aurrerantzean Zuhurtasunaren tenpluko estatua irribarretsu bat bezalakoa izango zen niretzat. Haren begiradak amildegiaren ertzean geldiarazi ninduen. Ez nuen nahi inolaz ere Aurelieren aurrean agertu lehian aritzeko haren ondoan une batez distiratu ostean lur jota erortzen ziren galai baldarren aurka.
«Egunen batean ikusiko dugu —esan nuen neure artean— emakume horrek bihotzik duenentz.»
Aurelie gaixo zegoela irakurri nuen goiz batean egunkarian. Salzburgoko mendietatik idatzi nion. Mistizismo germaniarrez blaituriko gutuna zenez, ezin espero nuen arrakasta handirik; baina, bestalde, ez nuen erantzunik eskatzen ere. Halabeharrak nire aide jokatzea espero nuen, eta baita ezezagunak ere.
Hilabete batzuk igaro ziren. Bidaiek eta plazerrek uzten zizkidaten tarteetan drama poetiko bat idaztea erabaki nuen Colonna pintoreak Laura ederrarekiko izan nuen maitasunaren inguruan, azalduz nola gurasoek Laura moja sartu zuten eta nola maite izan zuen pintoreak azken egunera arte. Bazuen zerbait historia hark nire kezka iraunkorrekin uztartzen zuena. Dramaren azken bertso-lerroa idatzi nuenean, Frantziara itzuli besterik ez nuen nahi.
Hortik aurrera, beste askoren historiaren errepikapena izan zen nirea. Teatro esaten dieten probaleku horietako zirkulu guztietatik pasatu nintzen. «Danborra jan eta zinbaloa edan dut», Eleusis-eko iniziatuen esaerak, zentzu nabarmenik gabe, dioen bezala. Seguruenera esan nahiko du, premia izanez gero, zentzugabekeria eta absurduaren mugak gainditu behar direla. Niretzat zentzuzko gauza bakarra nire ideala konkistatzea eta zehaztea zen.
Aureliek onartu egin zuen Alemanian idatzi nuen dramaren paper nagusia. Ez dut sekula ahaztuko obra irakurtzeko baimena eman zidan eguna. Amodiozko eszenak berarentzat propio idatzi nituen. Benetan uste dut bihotz-bihotzez eta gogo handiz errezitatu nituela. Ondoren izan genuen elkarrizketan, bi gutunetako ezezaguna neu nintzela aitortu nion.
—Zoratuta zaude, baina etor zaitez berriro ni bisitatzera... Ezin izan dut inoiz aurkitu ni maitatzen jakingo duen inor.
Ai, emakume! Maitasun bila zabiltza... Eta ni, zer?
Hurrengo egunetan, berak seguruenik inoiz jaso izan zituen gutunik maitekor eta ederrenak idatzi nizkion. Berak zuhurtziaz beterikoak bidaltzen zizkidan. Halako batean hunkitu egin zen, deitu egin zidan, eta lehenagoko harreman batekin haustea oso latza egiten zitzaiola aitortu zidan.
—Benetan ni naizenagatik maite banauzu —esan zidan—, ulertuko duzu gizon batena baino ezin naitekeela izan.
Bi hilabete geroago, oso gutun adeitsua jaso nuen. Haren etxera joan nintzen berehala. Norbaitek datu preziatu bat jakinarazi zidan aurretik: gau batean zirkuluan ezagutu nuen gazte lerden hura ejerzito kolonialeko zaldierian sartu berria omen zen.
Hurrengo udan zaldi lasterketak izango ziren Chantillyn. Aurelieren konpainiak antzezpen bat eskainiko zuen han. Konpainia herrira iristen zenean, zuzendariaren esanetara geratuko zen hire egunez. Garai batean Marivaux-en komedietako Dorante-ren papera antzezten zuen gizon on-puska haren lagun egin nintzen. Lehen galai izandakoa luzaroan, bere azken arrakasta amorantearen paperean izan zuen Schiller imitatzen zuen obra hartan, zeinen antzezpenean prismatikoen bidez zimurrez beterik ikusi nuen. Hurbiletik gazteago zirudien eta, argal mantentzen zenez, bazterretako probintzietan itxura ona ematen zuen oraindik. Gartsua zen. Ni konpainiarekin batera nindoan poeta jauna bezala eta Senlis eta Dammartinera antzezpen batzuk egitera joateko konbentzitu nuen zuzendaria. Hark hasieran nahiago zuen Compiegne-ra joan, baina Aurelie bat etorri zen nire iritziarekin. Biharamunean, enpresari eta agintariekin tratuak ixten zituzten bitartean, bi zaldi akuratu nituen eta Aurelie eta biok Commelle-ko zingiretako bidea hartu genuen Blanche erreginaren gazteluan bazkaltzeko asmoz. Aureliek, amazonaz jantzirik, adats horaila solte, antzinako erregina bat bailitzan zeharkatzen zuen basoa, eta nekazariak txundituta geratzen ziren ikusten zutenean. Madame de F... zen hain itxura dotorez eta xarma handiz agurtzen ordura arte inoiz ikusi zuten emakume bakarra. Bazkalondoan Suitza gogorarazten duten herrixka horietara jaitsi ginen, non Nonetteren urak hainbat zerrategi mugitzen dituen. Niri hain oroitzapen kuttunak zekarzkidaten bazter haiek interesatzen zitzaizkion, baina ez zioten zirrara berezirik sortzen. Orry ondoko gaztelura eraman nahi nuen, Adrienne lehenengo aldiz ikusi nuen zelaiunera. Ez zuen inolako emoziorik azaldu. Orduan dena kontatu nion; gauetan zehar antzemandako maitasun Karen sorburua aitortu nion, maitasun amestua izan zena gero, eta berarengan burutua, azkenik. Oso serio entzuten zidan.
—Zuk ez nauzu maite! —esan zidan—. Espero duzuna da nik esatea: «Aktoresa eta moja emakume bera dira». Drama baten bila zabiltza, besterik ez, eta ez diozu amaiera egokirik aurkitzen. Zoaz, ez dizut ezer sinesten.
Hitzok tximistargi bat bezala izan ziren. Luzaroan sentitutako poz eta gogo bizi bitxiak, ametsak, malkoak, etsipen eta xamurraldiak... ez al ziren, beraz, maitasuna? Zer zen, bada, maitasuna?
Aureliek parte hartu zuen gaueko antzezpenean Senlisen. Iruditu zitzaidan konpainiako zuzendaria zuela begiko, zimurduren lehen galai gaztea. Oso gizon adeitsua zen eta mesede batzuk eginak zizkion.
—Horrek bai maite nauela! —esan zidan Aureliek halako batean.
© Gérard de Nerval
© itzulpenarena: Joseba Urteaga