XI
ITZULERA
Basotik irtetean, paisajea ikusten zen. Chaaliseko lakuen ertzera iritsi ginen. Klaustroko galeriak, ojiba liraineko kapera, dorre feudala eta Henri IV.aren eta Gabrielleren arteko amodioa babestu zuen gaztelu txikia ilunabarreko tonalitate gorriztaz tindatzen ziren basoko berde ilunaren gainean.
—Walter Scotten paisajea dirudi, ezta? —esan zuen Sylviek.
—Nork hitz egin dizu Walter Scotti buruz? —galdetu nion—. Erruz irakurri behar izan duzu hiru urte hauetan!... Nik liburuak ahazten saiatzen naiz, eta benetan gustatzen zaidana zurekin abadia zahar hau, txikitan ezkutatzen gintuzten murru hondatu hauek, berriro bisitatzea da. Gogoratzen duzu, Sylvie, guardak monje gorrien historia kontatzen zigunean izaten zenuen beldurra?
—Ai, ez ezazu aipatu ere egin!
—Kanta ezazu, bada, aitaren etxeko lorategian, larrosondo zuripean, bahitu zuten neska ederraren abestia.
—Hori ez du gaur egun inork abesten.
—Ez zinen, bada, musikari egingo?
—Zertxobait ikasi dut.
—Ai, Sylvie, Sylvie, seguru opera abesten duzula!
—Zergatik kexatzen zara?
—Ahaire zaharrak gustatzen zitzaizkidalako, eta zuri ahaztu egingo zaizkizulako.
Sylviek aria moderno baten doinua xaramelatzeari ekin zion... Fraseatu egiten zuen!
Urmael hurbilak inguratu genituen. Aurrean genuen hainbeste dantzaldiren eszenatoki izandako zelai berdea, ezki eta zumarrez inguraturik. Antzinako harresi karolinjioak deskribatu nituen harro, eta Este etxeko harmarriak deszifratu.
—Hara bestea! Zuk nik baino askozaz gehiago irakurri duzu! Jakintsua zaitugu, beraz?
Gaitzespen tonuak min eman zidan. Ordura arte goizeko aitorpenari berriz ekiteko leku apropos baten bila ibili nintzen; baina, zer esan niezaiokeen asto baten eta mutil bizkor baten konpainian, zeinak atsegin handia hartzen zuen guregana ahalik eta gehien hurbiltzen paristar batek nola hitz egiten zuen entzuteko? Orduan Chaaliseko agerpena azaldu nion nire zoritxarrerako, ezin bainuen burutik kendu. Adrienne abesten entzun nuen gazteluko sala berera eraman nuen Sylvie.
—Tira! Kanta ezazu niretzat! —eskatu nion—. Zure ahots maiteak durundi egin dezala ganga hauen azpian eta uxa dezala tormentatzen nauen izpiritua, jainkotiarra nahiz zorigaiztokoa izan!
Eta nik abestia xuxurlatu ostean, Sylviek letra eta melodia errepikatu zituen:
Jaitsi zaitezte agudo, aingeruok
Purgatorioaren hondora... !
—Oso tristea da —esan zuen.
—Bikaina da... Uste dut Porpora-ren konposizio bat dela, XVI. mendean itzulitako bertso batzuetatik sortua.
—Ez dakit —erantzun zuen Sylviek.
Haranetik zehar itzuli ginen, Charleponteko bidetik, zeinari nekazariek, berez etnologian ez oso adituak, Châllepont deitzen dioten. Sylviek, astoaz asperturik, besotik heldu zidan euskarri bila. Bidean ez zebilen inor. Bihotzean neukan guztiaz mintzatzen ahalegintzen nintzen, baina, ez dakit zergatik, esapide trauskilak besterik ez zitzaizkidan bururatzen edo bestela, ustekabean, Sylviek irakurria izan zezakeen nobelaren bateko esaldi arranditsuren bat. Orduan gelditu egiten nintzen atsegin klasiko batez, eta bera harritu egiten zen etenaldi adeitsu haietaz. Saint-S...-eko hormetara heldu ginenean, arreta handiagoa jarri behar izan genuen ibiltzerakoan. Bihurka zihoazen errekastoz beteriko zenbait belardi heze zeharkatu behar genituen.
—Zer dakizu mojaz? —galdetu nion hitzetik hortzera.
—Zu eta zure ditxosozko moja! Ongi da, esango dizut! Oso gaizki amaitu zuen.
Sylviek ez zidan ezer gehiago esan nahi izan.
Konturatzen ote dira benetan emakumeak honelako edo halako hitza ezpainetatik irteten direla bihotzetik igaro gabe? Hain erraz engainatzen dituztela ikusirik eta hain sarritan egiten dituzten aukeraketen arabera, ezetz esan beharko genuke: hain ongi antzezten dute gizon batzuek maitasunaren komedia! Ezin izan naiz sekula ohitu jokabide horretara, nahiz eta badakidan emakume askok jakinaren gainean onartzen dutela engainua. Bestalde, haurtzaroaz geroztik irauten duten amodioak sakratuak dira... Sylvie txikitatik ezagutzen nuen eta arreba bat bezalakoa zen niretzat. Ezin nintzen seduzitzailearena egiten hasi... Beste ideia bat arras ezberdina bururatu zitzaidan.
«Une honetan —esan nuen neure artean—, teatroan egongo nintzateke... Zer antzeztuko ote du Aureliek (hori zen aktoresaren izena) gaur gauean? Drama berriko printzesaren papera, seguruenik. Zein hunkigarria dagoen hirugarren ekitaldian!... Eta bigarrengo maitasun eszenan, zimurrez beteriko lehen galai horrekin... !»
—Zeure gogoetetan murgildu al zara? —galdetu zuen Sylviek, eta abesten hasi zen.
Dammartinen badira hire neska lirain;
bat egun-argia baino ederragoa...
—Ai, zein gaiztoa zaren! —oihu egin nuen—. Ongi baino hobeto dakizkizu ahaire zaharrak, bai horixe!
—Maizago etorriko bazina, gogoratuko nituzke —erantzun zuen—; baina zentzuz jokatu beharra dago. Zuk Parisen duzu zure bizimodua, eta nik nire lana dut. Ez gaitezen beranduegi itzuli: bihar goiz jaiki behar dut.
© Gérard de Nerval
© itzulpenarena: Joseba Urteaga