III
ERABAKIA

 

        Erdi amesturiko oroitzapen hark argitu zidan gertatzen zitzaidan guztia. Teatroko emakume batentzat asmaturiko amodio lauso eta esperantzarik gabe hura gauero nagusitzen zen nitaz antzezpeneko orduan eta ez ninduen uzten to egiteko ordura arte. Orain banekien Adrienneren oroitzapena zela haren sorburua. Adrienne, ilargiaren argitasun motelean irekitako gaueko lorea, lurrin zuritan erdi bainaturiko belar berdearen gainean emeki mugitzen zen kimera arrosa eta urrekara. Aspaldi ahaztutako aurpegi baten antzekoa marrazten zen orain oso garbi; denborak lausoturiko marrazki bat zen, pintura bihurtzen zena, museo batean miresten ditugun maisuen zenbait bozetorekin gertatzen zaigun bezala, haien original distiratsuak beste nonbait aurkitzen ditugunean.

        Aktoresa baten itxurapean moja-gai bat maitatzea ere!... Eta bera izango balitz? Zoratzeko modukoa da! Ur geldiko ihien artean ihesi doan argi-txakurrak bezala erakartzen nauen misterio horri nago halabeharrez loturik... baina itzul gaitezen errealitatera.

        Zergatik ahaztu ote nuen duela hire urte hain maitea nuen Sylvie?... Oso neska polita zen, Loisyko ederrena!

        Hura bizirik dago, zintzoa da eta bihotz ona du seguruenik. Haren leihoa ikusten dut berriro, mahats-hosto eta arrosez inguraturik, eta txinboen kaiola zintzilik duela ezkerraldean; ehoziri ozenen soinuarekin batera, haren abesti kuttunena entzuten dut:

 

                Neska ederra eserita zegoen

                errekastoaren ondoan...

 

        Nire zain dago oraindik... Nor ezkon zitekeen berarekin? Hain da pobrea!

        Herriko eta inguruetako nekazari onbera brusadunak, esku zakar, aurpegi ximel eta larruazal zaildukoak! Ni bakarrik maite ninduen, ni, paristarra, nire osaba zenari bisitan joaten nintzaionean Loisy ondoko etxera. Hiru urte daramatzat utzi zizkidan ondasun xumeak, bizitza osorako balioko zitzaizkidanak, xahutzen. Sylvierekin ongi zainduta egongo ziren. Halabeharrak zati bat itzuli dit. Aukerarik badut oraindik.

        Zertan ari ote da une honetan? Lotan egongo da... Ez, ez dago lotan; gaur uztaiaren festa da, gau osoan dantza egiten den urteko egun bakarra. Festan izango da...

        Zer ordu ote da?

        Ez nuen erlojurik.

        Garai hartan antigoaleko etxebizitza batek bere benetako itxura berreskura zezan biltzen ziren objektu apaingarrien artean, Errenazimentuko kareizko erloju horietako bat nabarmentzen zen distira berriztatu batez; Denboraren estatuatxoa du gainean, eta erlojuari eusten dioten Medicis estiloko kariatideak erdi zutituriko zaldien gainean daude. Diana klasikoa, ukondoak bere oreinaren gainean jarririk, baxuerliebe batean dago esferaren azpian, non hondo nikelatu baten gainean nabarmentzen diren orduen zenbaki esmaltatuak. Makinariari, bikaina zalantzarik gabe, inork ez zion giltza eman azken bi mendeetan. Ez nuen erloju hura Touraine-n erosi ordua jakiteko.

        Atezainarenera jaitsi nintzen. Kuku-erlojuan goizeko ordu bata zen. «Lau ordu barru Loisyko dantzaldian egon naiteke» —esan nuen neure artean.

        Palais-Royaleko plazan bospasei zalgurdi geratzen ziren zirkulu eta kasinoetako ohikoen zain.

        —Loisyra —agindu nion itxura onena zuenari.

        —Loisy? Non dago hori?

        —Senlisetik gertu, zortzi legoatara.

        —Posta-bidetik joango gara —esan zuen zaldizainak batere kezkatu gabe.

        Zein tristea den gauez Flandeseko bidea! Izan ere, ez da basoen eremura iritsi arte eder bilakatzen! Forma lausoko bi zuhaitz-ilara monotono horiek besterik ez denbora guztian; soro berdeak eta lur irabiatuak urrutian, eta ezkerrean Montmorency, Ecouen eta Luzarches-eko muino urdinxkak. Gonesse-ra heldu gara, Liga eta Fronda-ko oroitzapenez beteriko herri arrunta...

        Louvres-etik haraindiko bide batean sarritan ikusi izan ditut bide-ertzeko sagarrondoen loreak gauean distiratzen izar lurtiarrak bailiran. Hona hain sarri etortzen nintzen garaiko oroitzapenak osa ditzagun, kotxeak aldapak igotzen dituen bitartean.

 

 

 

© Gérard de Nerval
© itzulpenarena: Joseba Urteaga

 

 

Gérard de Nerval euskaraz