I
GAU GALDUA

 

        Gauero palkoetan galai gorteatzaile modura jantzita azaltzen nintzen teatrotik irteten ari nintzen. Batzuetan beterik egoten zen; bestetan, berriz, hutsik. Berdin zitzaidan begirada hogeita hamar bat antzerkizale boluntario soilik zeuden patiora luzatzea edo kapelu eta jantzi zaharkituz apaindutako palkoetara, edo sala animatu eta jendetsu baten partaide izatea, bere pisu guztiak traje loredunez, bitxi distiratsuz eta aurpegi alaiez gainezka zeudenean. Salako ikuskizunak ez zidan ardura, eta agertokikoak ozta-ozta lortzen zuen nire arreta bereganatzea, baldin eta ez bazen sasoiko maisu-lan gozakaitz baten bigarren edo hirugarren eszenan ongi baino hobeto ezagutzen nuen agerpen batek espazio hutsa argitzen zuenean eta, hats-bafada batez eta hitz batez, nire inguruko figura hutsal haiei bizia itzultzen zienean.

        Emakume harengan bizi nintzela sentitzen nuen, eta bera niretzako bakarrik bizi zen. Haren irribarrea sekulako zorion-iturria zen niretzat; haren ahots hain ezti eta, aldi berean, tinbre indartsukoaren bibrazioak bozkarioz eta amodioz dardararazten ninduen. Nire irudiko, perfekzio guztiak zituen, nire gogo bizi eta apeta guztiak asetzen zituen: eguna bezain ederra aurreko fokuek behetik argitzen zutenean, gaua bezain zurbila intentsitatea galtzen zutenean eta goiko armiarmaren errainuez argiturik geratzen zenean, are eta naturalago agertuz, bere berezko edertasunari esker itzalean distiratsu, Herculanoko freskoen hondo okreen gainean Ordu jainkotiarrak, bekokian izar bat dutela, nabarmentzen diren bezala.

        Urtebete igaro zen eta ez zitzaidan bururatu ikertzea nolakoa izan zitekeen teatrotik kanpo; haren irudia eskaintzen zidan ispilu magikoa lausotzeko beldur nintzen, eta zerbaiti jaramon egin banion, emakumeari buruzko zenbait zurrumurruri egin nien gehienez ere, eta ez aktoresari buruzkoei. Eta Elidako printzesa edo Trebisondako erreginari buruz zabal zitezkeen esamesek bezain interes eskasa piztu zuten niregan; izan ere, nire osaba batek, XVIII. mendeko azkenaurreko urteetan bizi izan baitzen oso bizimodu aproposa eramanez garai hura ongi ezagutzeko, laster jakinarazi zidan aktoresak ez zirela emakumeak, eta naturari ahaztu egin zitzaiola haiei bihotza ematea. Bere garaiko aktoresez arituko zen, jakina, baina hainbeste istorio kontatu zizkidan bere ilusio eta dezepzioez, eta hainbeste marfilezko erretratu erakutsi zizkidan, gerora tabakontziak apaintzeko erabili zituen medaloi xarmangarriak, hainbeste amodiozko gutun horixka, hainbeste xingola ximel, bakoitzaren historia eta amaieraren kontaeraz horniturik, non emakume guztiez gaizki pentsatzera ohitu bainintzen garai bakoitza den bezalakoa dela aintzat hartu gabe.

        Garai bitxia zen gurea benetan, iraultzen eta erreinu handien erorketen ondoren suertatzen diren horietakoa. Galduak ziren Fronda garaiko kortesia heroikoa, Erregeordealdiko bizio dotore eta etiketazkoak, Direktorioko eszeptizismoa eta orgia zoroak. Dena erabat nahastuta zebilen: aktibitatea, zalantza eta nagikeria, utopia distiratsuak, asmo filosofiko edo erlijiosoak, nolabaiteko ernaberritze-senarekin nahasiriko gogo lauso biziak, iraganeko desadostasunek eraginiko nahigabea, itxaropen zalantzagarriak... Peregrino eta Apuleioren garaiaren antzeko zerbait. Gizon materialak bere onera ekarriko zuen arrosa-sorta bat jasotzea espero zuen Isis ederraren eskutik. Jainkosa beti gazte eta liraina gauetan agertzen zitzaigun eta lotsa sentiarazten zigun egunean zehar galdutako orduengatik. Gazteak izanik, handinahiak ez zuen eraginik guregan, ordea, eta garai hartan hain zabaldua zegoen gizarte maila egokia eskuratzeko eta ohore ehizarako egarri asegaitz hark urrundu egiten gintuen aktibitate-esparru posibleetatik. Geratzen zitzaigun babesleku bakarra poeten marfilezko dorrea zen, non gero eta gorago igotzen baikinen jendearengandik bereizteko asmoz. Guk propio aukeratutako maisuek gidatzen gintuzten eremu garai haietan barrena, eta han soilik arnas genezakeen bakartasunaren aire garbia, han edaten genuen hainbestetan amestutako ahanztura kondairen urrezko kopan, eta han horditzen ginen poesiaz eta amodioz. Amodioa, ai! Forma lausoak, tonalitate arrosa eta urdinxkak, mamu metafisikoak! Gertutik ikusita, egiazko emakumeak asaldatu egiten gintuen gure xalotasunean; erregina edo jainkosa bezala azaldu behar zitzaigun, eta haren hurbiltasuna saihestu behar izaten genuen, batez ere.

        Gutako batzuek, alabaina, ez zituzten estimu handian paradoxa platoniko haiek, eta gure Alexandriako amets eraberrituetan jasotzen zuten, aldian behin, lurpeko jainkoen zuzia, zeinak instant batez iluntasuna argitzen baitzuen bere txinpart-lorratzarekin. Teatrotik irteten arin nintzen, beraz, ametsak ezabatzen direnean uzten diguten tristezia mingotsean murgildurik, eta zirkulu bateko ohikoekin biltzera nindoan gogo onez. Zirkuluan lagunarte ugarian afaltzen genuen eta melankolia ñimiñoenak ere amore ematen zuen, betidanik eraberritze eta dekadentzia garaietan existitu ohi diren zenbait izpiritu distiratsu, bizkor, oldarkor, eta batzuetan goi-goikoaren inspirazio agortezinaren aurrean. Eztabaidak hain sutsuak izaten ziren, non gutako lotsatienak leihoetara joaten ziren noizbehinka ea azkenik hunoak, turkomanoak edo kosakoak iristen ziren, erretorikoen eta sofisten argudioekin behin-betiko amaitzeko.

        «Edan dezagun, maita dezagun, hori da eta jakinduria!» Hori zen gazteenen lema bakarra.

        — Urteak dira teatro berean topatzen zaitudala, eta joaten naizen bakoitzean gainera. Zu norengatik zoaz?

        Norengatik?... ez zitzaidan iruditzen hara inor beste norbaitengatik joan zitekeenik. Izen bat aitortu nuen, hala ere.

        — Oso ongi! —ihardetsi zuen nire lagun barkaberak—. Hortxe duzu etxera lagundu dion gizon zorionekoa. Gure zirkuluko arauen jarraitzaile leiala denez, agian egunsentira arte ez da berarekin elkartuko.

        Aipatu zidan pertsonaiari begiratu nion aparteko zirrararik gabe. Ongi jantzitako gaztea zen, jokamolde finekoa, aurpegi zurbil eta urduria eta begi gozo eta malenkoniatsuak zituena. Whist-eko mahai batera urrea botatzen zuen eta axolagabeki galtzen zuen.

        — Zer ardura zait niri hori edo beste norbait izatea? —esan nuen—. Norbaitek lagundu behar zion eta ongi aukeratua iruditzen zait.

        —Eta zu?

        —Ni? Ni irudi baten atzetik nabil, besterik ez.

        Irteterakoan irakurketa gelatik igaro nintzen eta ustekabeko begirada bat bota nion egunkari bati. Uste dut burtsako kotizazioen berri jakiteko izan zela. Nire aberastasunaren hondarren artean, diru-kopuru handi xamarra neukan jarria atzerriko baloreetan. Aspalditik gutxietsirik bazeuden ere, zurrumurruek zioten gero eta balio handiagoa lortuko zutela, eta horixe gertatu berria zen ministerio aldaketa baten ondorioz. Fondoek oso kotizazio altua erdietsi zuten. Aberatsa nintzen berriro.

        Egoera aldaketa horren ondorioz gogoeta bakar bat izan nuen, aspalditik maite nuen emakumea nirea izango zelakoa, nahi izango banu. Nire ideala eskura nuen. Ez ote zen beste ilusio bat, beste errakuntza barregarri bat? Gainontzeko egunkariek ere gauza bera zioten, ordea. Irabazitako dirutza Moloch-en urrezko estatua bailitzan altxatu zen nire aurrean. «Zer esango luke orain arestiko gazteak —pentsatu nuen— haren lekua hartuko banu bakarrik utzi duen emakumearen ondoan?... » Gogoetak dardarizoa eragin zidan, eta urguilua asaldatu zitzaidan.

        Ez! Ez da horrela, nire adinean ez da amodioa urrez hiltzen: ez naiz emakume-galtzaile bat izango. Ideia zaharkitu bat besterik ez da, bestalde. Nork ziurtatzen dit emakume hori saltzen diren horietakoa dela? Arreta handiegirik gabe jarraitu nuen egunkaria gainbegiratzen, eta honako bi lerrook irakurri nituen: «Lore-sorta Probintzialaren Festa.— Bihar Senlis-eko arkulariek Loisy-koei itzuliko diete lore-sorta.» Hitz xume haiek inpresio sail berri bat piztu zuten niregan: aspaldi ahaztuta nuen nire jaioterriko oroitzapen bat zen, gaztaroko festa xaloen oihartzun urruna. Adar eta danborraren soinua entzuten zen urrunean, herrixka eta basoetan; neskatilek girlandak txirikordatzen zituzten eta abesten zuten bitartean xingolaz apainduriko lore-sortak atontzen zituzten. Idiek garraiatutako gurdi astun batek jasotzen zituen opari haiek. pasatzerakoan, eta guk, eskualde hartako haurrek, jarraigoa osatzen genuen gure arku eta geziekin, geure buruei zaldun titulua emanez, jakin gabe monarkiak eta erlijio berriak baino luzeago bizi zen druida-festa bat errepikatu besterik ez genuela egiten, mendeetan zehar egin zen bezala.

 

 

 

© Gérard de Nerval
© itzulpenarena: Joseba Urteaga

 

 

Gérard de Nerval euskaraz