The Nabarra, edo hileta bikingoa
Matxitxako eta Termopilasen artean

 

Jesus A. Etxezarraga

 

        Mundu zabalean, Londresen zein hemen, pausu laburreko kontakizun samurra, herren eta belu ibili arren luze heltzen denez, euskal gaietaz zeharka arduratuta zebilen Cecile Rice's —dagoenekoz— adiskideak guganaino jo zuen, galdezka ea zer gehiago ote genekien guk Freeman Dysonen Bombs and Poetry saiakeran aipatzen den The Nabarra poema luze eta harrigarriaren gai eta pertsonaiei buruz. Luigik eta biok, zurtz eginda begiratu genion elkarri, ez Matxitxakoko itsas bataila ezagunaren berri nork eta arrotz batek eskatzeagatik, 36ko gerra amaitu baino lehen argitaratu zen poema hartaz, gu behintzat, hain barautan egoteagatik baino.

        Berehala, gerra galdu zuen euskal gudalostearen borroka heroikoaren eredu gogoangarritzat jotzen den itsas bataila haren zehaztasun jakinak bidali genizkion. 1937ko martxoaren bostean, Matxitxako aurrean, Canarias gurutzontzi faxistak, eta Agirreren Gobernuak armaturiko Nabarra bakailao-ontziak izan zuten lehia desorekatu bezain heroikoa. Hark, esker ordainean, C. Day Lewis (1904-1972) poetaren The Complete Poems bilduma bidali zigun. Hantxe, 1938. urtean atera zuen Overtures to Death (Heriotzarako Oberturak) liburuko The Nabarra poema. Idazleak, poeman bertan, oin-ohar baten bidez, testuak G.L. Steeren The Tree of Gernica liburuan kontatzen den gertakarien bertsioa jarraitu duela aitortzen du. The Nabarra poema narratiboa eta Steeren XI. kapitulua parez pare irakur daitezke. Batak bestea estu-estuan segitzen baitu. Are gehiago, poemaren testuaren oinarrizko irudi poetikoak harenak dira. Bereziki, Steerek kapitulu horren amaieran egiten dituen hausnarketa eta aipamenak, poema abiapuntutzat jarri zituen C. Day Lewisek: Galdames itsasontziarekin batera galdu zen diru xehearena, eta Walshingham's historiagile ingelesak 1350. urteko Winchelseako itsas batailan euskaldunek iragarri zuten portaeragatik idatzi zuen ahapaldia: «Bihotz zailduak izanik, heriotza nahiago izan zuten, errenditu baino».

        Munduan zehar, euskal oihartzunez, askatasun grinaren iruditzat zabaldu diren Picassoren Gernika, haren itzalpe ezagunean Paul Eluardek argitaratu zuen La Victoire de Guernica (Cours naturel, 1938), edo-eta, C. Day Lewis bera baino mende eta kasik laurden lehenago, monarkia britainiarraren Poeta Laudatua izan zen William Wordsworthen The Oak of Guernica poema gogora datozkigu gura ez dela. Baina oraintsu berriro errebindikatu egin duten G.L. Steerek, eta haren The Tree of Gernica: A field study of modern war lanak, nahi gabe ere, Espainiako Gerra Zibila medio, George Orwellen Homage to Cataloniara garamatza. Steerek eta Orwellek, bakoitzak bere aldetik, gerlaren testigantza arras ezberdina utzi zuten. Euskaldunen eklipse tamalgarriarena Steerek, eta faxismoaren aurkako utopia baten erabateko beheititzearena Orwellek.

        Lehen eta Bigarren Mundu Guden artean, XX. mendeko hirugarren hamarkadan, eta Oxfordeko unibertsitatearen ingurumarian, ezkerraren eta marxismoaren eskutik, poetika politiko berri bat bultzatzen saiatu zen hainbat intelektual gazte. Horien artean zen Louis MacNeice, Stephen Spender. W. H. Auden. eta gure Cecil Day Lewisek osatzen zuten taldea. Euren izen hasierez baliatuz, adar joka, eskumatarrek MacSpaunday legez bataiatu zuten taldea. Lehentasunaren aitorpen eginaz. Audenen taldea legez ere ezagutu zen, berak gidatzen baitzuen poeta ezkertiarren talde hori. John Whiteheadek aztertu zuen beren poemagintza A Commentary on the Poetry of W.H. Auden, C. Day Lewis, Louis Macneice, and Stephen Spender argitalpenean (1992). Poeta izan ez arren, Audenen taldekoen artean joten dute zenbaitzuek Christopher Isherwood nobelagilea ere.

        1936. urtean Left Review aldizkariak, Espainiako gerra Zibila hasi berria zelarik, inkesta bat egin zuen idazleen artean, eta asko eta asko, kausa errepublikarraren alde agertu ziren, bai politika aldetik, eta baita idazle zeregin aldetik ere. Han idatzi zuen Cecil Day Lewisek: «Idazle legez, eta Partidu Komunistako kide legez, faxismoaren aurkako borrokan laguntzeko beharturik nago». Beste idazle batzuk, Cyril Connolly edo George Orwell esate baterako, aldeko agertu arren, mesfidantza eta erretserbaz azaldu ziren orduan korritzen zuen erretorikaren aurrean. Jakina denez, Ernst Hemingway, John Dos Passos, Andre Malraux, Cyril Connolly, George Orwell, G.L. Steer, eta W H. Auden bera ere, egotaldi eta zeregin ezberdinetan, gerran izan ziren alde errepublikanoan, eta stalinismoaren eragin bortitzaren desilusiopean itzuli ziren gehienak. Bonoka edo propaganda lanetan Espainiaratu ziren beste idazle batzuk han hil ziren: Ralph Fox, Christopher Caudwell, John Cornford eta Julian Bell, esate baterako. Boluntarioen gogo hau Overtures to Death liburuan, justu «The Nabarra»ren aurrean kokatu zuen «The Volunteer» poeman bildu zuen Day Lewisek. Termopilaseko espartarren hilobien gain idatzi zuten «Bidazti, esaiezue lazedemoniarrei... « haren antzera «Ingalaterran, galdetuko balute, esaiezue / zerk ekarri gintuen gerla hauetara...» hasten den poema:

 

 

                THE VOLUNTEER

 

                Tell them in England, if they ask

                What brought us to these wars,

                To this plateau beneath the night's

                Grave manifold of stars —

 

                It was not fraud or foolishness,

                Glory; revenge or pay:

                We came because our open eyes

                Could see no other way:

 

                There was no other way to keep

                Man's flickering truth alight:

                These stars will witness that our course

                Burned briefer, not less bright.

 

                Beyond the wasted olive-groves,

                The furthest lift of land,

                There calls a country that was ours

                And here shall be regained.

 

                Shine to us, memoried and real,

                Green-water-silken meads:

                Rivers of home, refresh our path

                Whom here your influence leads.

 

                Here in a parched and stranger place

                We fight for England free,

                The good our fathers won for her,

                The land they hoped to see.

 

 

                BOLONDRESA

 

                Ingalaterran, galdetuko balute, esaiezue

                zerk ekarri gintuen gerla hauetara,

                izar anizkun gauaren hilobi azpiko

                lautada honetara —

 

                Ez zen iruzurra edo ergelkeria izan,

                Ezta loria, mendekua edo diru-saria ere:

                Gure begi zabalek beste biderik

                ikusten ez zutelako etorri ginen.

 

                Izan ere, beste biderik ez zen

                gizonaren egia dardartia iraungi ez zedin:

                Gure ibilbideko sunk gutxiago iraun zuen,

                baina argi biziagoz, izar hauek lekuko.

 

                Alferrikaldu olibondoez haraindi,

                ezin urrunago, goraturiko esku bat,

                bertatik ari zaigu deika geurea izan zen

                aberria, berton berreskura dezagun.

 

                Izarniatu zaitezke guretzat, oroiturik bezain egiazko,

                belaze ur-berde zetazkoak:

                Etxeko errekak, freska ezazue gure bidea

                zuen eraginpean hona abiatzen direnen gogoan.

 

                Hemen, paraje ihartu, arrotz honetan

                Ingalaterra askearen alde ari gara borrokan,

                arbasoek harentzat irabazi on guztia,

                noizbait ikustea espero zuten lurra.

 

                                (L. Anselmiren itzulpena)

 

        Oraintsu, 2003ko azaroan, MI5, Britainia Handiko defentsarako informazio zerbitzu agentziaren dokumentu batzuk desklasifikatu direnean, britainiarrek harriturik jakin dute euren Poeta Laudatu bat, C. Day Lewis, hurbiletik espiatu zutela Bigarren Mundu Guda aurretxoan. Dirudienez, 1933. urtean arduratu zen lehen aldiz MI5 Day Lewisen aktibitateei buruz, gerraren aurkako manifestu bat izenpetu zuela erreparatzean. Susmagarrien zerrenda beltz horren goialdean koroatu zuten C. Day Lewisen fitxa luzea zen. Informazio zerbitzuak infiltraturik zeukan Britainia Handiko Partidu Komunista diruz laguntzen omen zuen. MI5ko buru zen Vernon Kell koronelak, Gloucestershireko polizia buruaren bidez, jakin zuen idazleak normalean jaka gris bat, franelazko fraka grin oso zabalak, eta estalki iluna janzten zuela, eta oso gutxitan sonbreirua. 1934an Moskuren «babesa»rekin Writers Internationaleko britainiar sekzioak atera zuen Left Review aldizkariaren lehen alean ere idatzi zuen. 1937. urtean Daily Workeren, hogeita hamar urte geroago erregetzaren Poeta Laudatua izango zen Day Lewis-ek, George VI.aren koroatzea bankarrotan dagoen denda bateko erakusleihoaren hornidura zoroarekin konparatu zuen. Atzerriko arazoetarako inteligentzia zerbitzu sekretuak, goiburutzat Semper Occultus daraman MI6ak, kontraespioitza sekzioko Valentine Vivian maiorra Parisera bidali zuen, Stephen Spender-ekin batera, Nazioarteko Idazleen Elkarteko bileran Day Lewis zela jakitean. MI5k anotatu zuenez, C. Day Lewis, Stephen Spencer eta W.H. Auden legez, intelektual komunista bat zen, baina bera ei zen konbentzituena. Beste biak modu nahiko idealista eta literario bateau. 1945. urtean, Informazio Ministeriorako editore legez lanean zebilenean M15k jakin zuen Partidu Komunistaz ilusio gabetu egin zela. «bere joera antikulturalagatik batez ere», eta lehenago ere, beharbada, ideia iraultzaileengatik baino desberdintasun sozialen aurkako gorrotoagatik jokatuko zuela horrela.

        Giro horretan bada, C. Day Lewis —gorroto zion Cecil izena osorik idazteari— poeta britainiar marxisten artean ezkertiarrena, gorriena, ei zen. 1935etik 1938ra bitartean Partidu Komunistako partaide izan zen, eta epe hartako bere poesia, bereziki, didaktismoz eta gai sozialetako kezkaz ukitua dago. Aldi horren berotasunean idatzi zuen «The Nabarra» poema. Arestian aipatu dugun Freeman Dysonen Bombs and Poetry saiakeran irakur daitekeenez, Bigarren Mundu Guda hasi aurretik idatzia egon arren, gerra horretako lehen batailetan.,esperantzaz baina desabantaila nabarmenez, borrokatzen hasi ziren beste gudari aliatu haien espiritua oso rnodu egokian deskribatzen omen du poema honek. «The Nabarra» euskal gudari haien aldeko hileta kantua da, hots, Francoren gerraontzi baten aurka bataila galdu zuen arraste-ontzi armatu bateko eskifaiaren elegia. Freeman Dysonek gogoratu egiten du 1938. urtean ikasle zela, bere maisurik onenak, geroagoan Lorden Ganberan jarlekua lortu zuen Enric James kimika irakasleak, zelan irakurri zien eurei, mutiko hunkituei, «The Nabarra» poema ahots ozenez errezitatuz: «Huraxe izan zen beharbada ekintza militar bateko heroien ohoretan poema epiko bat irakurtzea posible izan zen azken aldia». Harrezkero, zioen, Hiroshimatik aitzina, bat-batean, heriotzaren teknologia berriek heroismo militarra ezinezko bilakatu zuten. Are gehiago, haren iritziz, Bigarren Mundu Guda Day Lewisen «The Nabarra» erostarekin hasi zen, eta John Osborne antzerkigilearen Look Back in Anger laneko Jimmy Porter protagonistaren begirada suminduarekin amaitu.

        C. Day Lewis, poeta, literatur kritiko, klasikoen itzultzaile eta irakaslea, elizgizon protestante baten semen zen. Irlandan, Ballintbuerten jaio zen, eta ama hil ondoren, Londresera etorri zen aitarekin izeko baten laguntzaz. Sei urterekin hasi ei zen poesia idazten. Oxforden ikasi zuen, eta han egin zituen MacSpaundayko poesia lagunok. Literatur produkzio oparoa utzi zuen. Ospearen ate meharrak zer diren baina, sarri, Daniel Day-Lewis aktorearen aita izateagatik ezagunagoa egin da, edo bestela, Nicholas Blake ezizenez idatzi zituen hogei nobela poliziakoren autore izateagatik. Poesiatik bizi ezinik hasi omen zen nobelak idazten. Nigel Strangeways detektibea, bere hogei nobeletatik hamaseitan protagonista dena, W.H. Auden idazle eta lankidearen figuran oinarrituta ei dago. Informazio Ministerioan editore izan zen (1941-1946). Oxfordeko poesia irakasle (1951-1956) eta Harvardeko irakasle gonbidatua (1964-1965). 1967tik 1972ra bitartean Poeta Laudatua izendatu zuen Britainia Handiko erregetzak.

        Bere biografiaz eta bere pentsaera eta poetikaren eboluzioaz errebisio ezagun bat eskaini zuen Albert Gelpik: Living in Time: The Poetry- of C. Day Lewis (1998). Ordura artean, bere bizitzaz arduratzen diren lanik aipatuenak, besteak beste, hauexek ziren:

        Clifford Dymentek eskaini zion C. Day Lewis goiztiarra (1955), Geoffrey Handley-Taylor eta Timothy d'Arch Smithek elkarlanean argitaratu zuten C. Day Lewis, The Poet Laureate: A Bibliography (1968), edo-eta J.N. Riddelen C. Day Lewis (1971). Aurreko hamarkadan Day Lewisek berak idatzi zuen autobiografia: The Buried Day (1960). Sean bere semeak ere idatzi zion berea: C. Day Lewis: An English Literary Life (1980).

        Poema osoen bildumari Jill Baconek, azken emazteak, idatzi zion sarreran zioenez, C. Day Lewis artisau on bat zen, bertsoetan historiak kontatzeko, hau da, poesia narratiborako dohain eta maisutasun bitxia zeukan idazlea. Haren esanetan, «The Nabarra»n, A Time To Dance lanean lehentxeago iragarri zuen kontakizunerako abilezia erakutsi zuen berriro. Abiapuntuan dagoen kontakizun hori laburbilduz. 1936ko gerra hasi eta lasterrera Euzkadiko Gobernuak bere itsas armada apala eratzeko erabakiak hartu zituen, eta besteak beste, Pasaiako PYSBE konpainiako lau bakailao-ontzi edo «bou» inkautatu zituen. Laurotarik bat, Vendaval zeritzona, Nabarra legez berrizendatu zuen, eta 50 tripulanteko eskifaiaz hornitu. 1937ko martxoaren 5ean, Gipuzkoa, Bizkaia, Nabarra eta Donostia guda-ontziek Baionatik Bilborantz zetorren Galdames merkatalontziaren eskolta lanetan zihardutenean, Canarias gurutzontziarekin topo egin zuten. Itsas bataila hasi zen, eta Gipuzkoa, sutan. Portugaleten babestu zen. Donostia, ihesean, Arcachonera erretiratu zen. Bizkaiak, maniobra arriskutsu eta ausart bat egin ondoren, Canariasek bahiturik zeukan Yorkbrook ontzia askatu zuen, eta Bermeoko portuan sartu ziren biak. Nabarra itsasontzikoek, Enrique Moreno Plaza murtziarra komandante zutelarik, nahiago izan zuten supean hondoratu, errenditu baino. Nabarra kiskalia ur azpiratu eta gero ere, bizirik geratu ziren marinelak, txalupa batean iheska, ez ziren errenditu berehala. Gurago izan zuten Canariasdik preso hartzeko asmoz zetozenei txalupatik ere esku-bonbekin aurre egitea, azkenean, ezinbestean, erreskatea onartu baino lehen. Guztira, 20 preso eta 29 hildako. Enrique Moreno komandantea itsasontziarekin hondoratu zen. Kontatzen dutenez, batailan erakutsi zuten adore eta kemenaren kontakizunak harriturik, Francok erruki hartu eta heriotzarako zigorra barkatu egin zien ezohiko indultu baten bidez.

        Matxitxakoko batailaren urtea amaitu baino lehen, 1937an bertan. Francisco Vallés Collantesek Esbozo de la gloriosa actuación de la Marina Nacional española bertso bilduma publikatu zuen Cadizen. Vallés Collantes, peritu agronomo eta armadako makinista erretiratua, liburuaren kredituetan Canarias gurutzontziko boluntario legez agertzen da, eta hitzaurrean dioenez, «...liburu hau batailaren itsas frentean izan da idatzia, eta ez hain zuzen ere frente honetara kuriositate une batean hurbildu zen edonork idatzia, egunik egun, Aberriarekin guztiok dugun betebehar sakratuaren konplimenduz, bertan urtebete baino gehiago borrokatzen daraman honek baino...». Hauxe idatzi zuen «Heroi Hilezkorren Galeria» deitu zuen atarian: «Intervención de la divina Providencia fue tambien la ida del Canarias al Mar Cantabrico, en el cual nuestro Crucero acabó en cuatro días con la flotilla Euzcadi y con las esperanzas del tenebroso Aguirre». Vallés Collantesek bere bost semeei eskainitako hitz-atzean, Gurutzada Sainduaren oren goren hartan, zeregin eta erosotasun guztiak bertan behera utziz, bere ikasleekin batera boluntario zelan enrolatu zen azaltzen die. Amaieran, «boluntario baten egunkari» legez berehala argitaratzeko zeukan Páginas de gloria de la Marina Nacional Española liburuaren aurrerapen bat eskaintzen du. Atal horretan, bere buruaz hirugarren pertsonaz hitz eginaz, Canariaseko lehen tripulazioa osatzeko, irakasle eta makinista erretiratu bat zortzi ikaslerekin zelan ontziratu zen aipatzen du. Liburuko «Paso a la Nueva España» konposizioan ere idatzia utzi zuen: «Marinos de la mercante, / Ingenieros, Abogados. / Maquinistas retirados, / y estudiantes a granel, /...». Harrezkero, Canariaseko makinetan jarraitzen dutela zioen. «arriskurik handienetako tokietan Aberria zuzenean zerbitzatu ahal izateagatik gozatsu». Azalpen beharbada zehatzegi honen bidez, hauxe azpimarratu nahi zuen, bertso betegarriak aparte, Canarias ontzi bordoan zegoen Vallés Collantesek Matxitxako batailaz egin zuen deskripzioak, donbaisten, lekukoaren balioa duela.

        Vallésen bertso txortak Kantauri itsasoan gerra hartan eman ziren zenbait bataila eta ontzi bahiketen berri ere ematen du. Matxitxako bataila, euskal etsaien itsasontzien izenik aipatu gabe («sólidos bacaladeros» dio), XXI. eta XXII. konposizioetan laburbiltzen du. Lehenak, «El «Canarias» derrota en el Cantábrico a la pomposa flotilla «Euzcadi», que desaparece por completo. Sus hombres son hechos prisioneros, y conducidos al puerto de Pasaje» titulua du, eta bigarrenak, Apresamiento de dos buques transportes por el Crucero «Canarias », y conducción de los mismos al puerto de Pasajes. Agirre lehendakariaz obsesioa duen egileak («el tenebroso Aguirre», «el Aguirre traidor», «Aguirre el mariscal «Napoleonchu y sus hombres», «Aguirre (y) el gobierno vasco-ruso»...) kontakizun oso eskematikoa egiten du: Canariasen balentria, euskaldunak bakarrik abandonatu zituzten Císcar eta Díez errepublikar destruktoreen koldarkeria eta, Nabarra izendatu gabe, Agirreren itsas gudarien adorea:

 

                «Yo, que por ser espanol

                tengo que ser tu enemigo,

                digo que he sido testigo

                de que tuviste valor».

 

        Edo:

 

                «Terminada la lucha dura,

                el Canarias caballeroso

                va a recoger presuroso

                a los valientes vencidos,

                que a bordo son atendidos

                con esmero y premura.

 

                Y asi termino la flota

                que de Euscadi se llamo,

                a la que sin saña infringió

                el Canarias la derrota.

                Mayor sería nuestra alegria

                si el valor que estos denotan

                los hubiesen tenido a porfía

                los dos fiuertes destructores

                que huyeron a 'bastidores'

                con cara de dura roca».

 

        Vallések, beste bertso batzuetan, Canarias gurutzontziak Mexikotik Bilboraino gerrarako materialez kargaturik heldu nahi zuen Mar Cantábrico moto-ontzi gorria harrapatu zueneko zehaztasunak kantatzen ditu, edo espainiar ejerzito loriosak, «gure flotako ontzien laguntzaz», zelan birkonkistatu zuen Bilbo Espainiarentzat: «Viene un Aguirre cualquiera / a querer echar por tierra / la unión del pueblo español!...».

        Betarra izengoitiz, Bizkaya bouko komandante izan zen Alejo Bilbaok, 1941ean, Burgoseko kartzelan preso zegoelarik, bataila haren testigantza pertsonala bildu zuen buruz eta bat ere laguntza dokumentalik gabe: Apuntes de la Guerra en el Mar Cantábrico. Konfirmatu egiten du funtsean Steeren bertsioa. Besteak beste, Donostia ontzian ihes egiteko aukera izanik, nahiago izan zutela behin-behineko laguntza jaso, eta itsas konbatean jarraitzeko beren ontzira itzuli. Ez du biltzen ordea, Nabarra hondoratu ostean salbamenduko txalupan zihoazelarik Canariaskoen kontra izan ei zuten azken borroka. Betarra komandantearen kontakizuna biltzen duen liburuxka hori Sabino Arana Fundazioak publikatu du, eta osagarri legez eransten den orri solte batean, Juan Pardo San Gilek, Euzkadiko Gudontzidia. La Marina de la Guerra Auxiliar de Euskadi (1936-39) liburuaren egileak dioenez, Canarias gurutzontziko komandante zenak, Salvador Moreno Fernandezek, euskal itsas gudari haiek exekuziotik libratzeko gestioak burutu ei zituen. Beranduago ere, Marinako Ministro zelarik, Matxitxakoko batailako euskal presoak kartzelatik ateratzeko gestioak egin omen zituen, eta hauek —Bizkayako Alejo Bilbao komandanteak eta Angel Bayo ofizial ohiak— Begoñako Ama Birjinaren domina bat oparitu zioten esker onez: A Salvador Moreno, Almirante Caballero del Mar, de A.B.-A.B.

        C. Day Lewisek, Kavafisen Termopilas poema epikoagoaren zapore eta oihartzun bazterrezina itzulitara jarriaz, «jende arrunt hark ez zion mitoaren distirarik eskatzen» idazten du, baina Jerjes boteretsuaren ejertzito alialtsuari aurre-eginaz, heriotzaren patua duintasunez eta ohorez onartu zuten Espartako hoplita haien antzera, euskaldun hilkorrek ere «guduan sartu ziren galduko zutela aurreikusirik eta galdu egin zuten». Efialtesen traizioa erdeinatu gabe, hoplitek ere bazekiten azkenean pertsiarrek gainditu egingo zituztela. Jakina, berrogeita hamar marinelen komandantea, Enrique Moreno, ez zen agian Espartako gudaririk onenak —hirurehun Igualak— agintzen zituen Leonidas Lehena, Espartako erregea, baina ontziarekin hondoratu zen. Herodotok kontatzen du bere Historian, hil aurretik, besterik ezean, hoplitak sastakaiz eta esku hutsez defenditu zirela, eta Termopilaseko haizpitarte hartan lurperatu zituztela espartarrak inskripzio honekin: «Bidazti, esaiezue lazedemoniarrei beren aginduak betetzeagatik gautzala hemen». Nabarrako marinelek, gehiago ezinean, azken esku-bonbekin borrokatu zuten salbamenduko txalupan ere, eta haien ohoretan, G.L. Steerek Washingham's historiagilearen hitzak gogoratu zituen epitafio gisara: «Bihotz zailduak izanik, heriotza nahiago izan zuten, errenditu baino».

        Mendez mende, Termopilaseko ekintza heroiko hura historia osoko eredugarrienetarikotzat jotzen ohi denez, Nabarra itsasontziaren portaera heroikoaren historia bat, gerra zibileko ekintzarik ausartena izan zen Steeren ustez, eta harritu egiten zen bere denboran gertakari miresgarri hau ez zuelako beste inork merezi bezala kontatu. Day Lewisek irakurri zionez, gerrara ohituta ez zeuden euskal arrantzale haien sendotasuna ez da sekula ahaztuko. Sutan, «bikingo baten duintasuneko ehorzketa batean» hondoratu zen ozeanoan Nabarra, eta mendeetan zehar Kantauri itsasoak bere hondoko hondarrean amultsuki bereganatu dituen beste pecium mutu askoren ondoan etzan zen. Baina poetak zioenez, »...eta haren argiak dirdira dagi oraindik ere denbora garrenean, erraustutako izar bat legez, / Nabarraren bihotzeko sua / itsasoaren golkoan amatatu baino askozaz geroago».

        C. Day Lewis-ek, lurraren altzoa bere maisu eta gidari izan zen Thomas Hardy poetaren bihotza hilobiratu zuten ehortz-lekuaren ondoan bilatu zuen, eta hilarrirako hitz hauek aukeratu zituen:

 

                Shall I be gone long?

                Forever and a day

                To whore there belong

                Ask the stone to say.

                Ask my song.

 

                Joan ote naiz luzerako?

                Betiko eta egun bat gehiago

                Leku horretara egokitu denari

                Harriari eskatu esateko.

                Eskatu nire kantua.

 

                                (L. Anselmiren itzulpena)

 

        Eskatu bere poema.

 

 

 

 


C. Day Lewis - Nabarra

www.susa-literatura.eus