Nere adiskide Jose Mendiague Jaunari [1]

 

        Urtiak pasatzen dira, zahartzen dira gizonak, bañon adiskideak noizean noiz akordatzen gera joan ziran denboraz: hori gaur suzeditzen da nerekin.

        Atzo, gure «Euskaldunak-Bat»-en banderapean, zure laguntasunarekin egin genduan alegin guztia gure euskara eder eta aberatsa zabaldu zedin herri eder honetan. Orduan lan ona egin zenduen eta orduko lan hura ez da galdu: horregatik ikusten dezu gaur «Euskal Erria»ren izaera. Azi hura ez da galdu.

        Bizi laburra izan zan gure «Alkarduntza» maitearena, bañon berak egin zituen gauzak ez dira aztu biar: Bera izan zala bere antolamenduak eskribatu zituena gure izkuntza maite ta ederrian; bere mendepian sortu zan Lagundearen alkarduntza ere, eta zuk badakizu, nik bezin ongi zenbat egin zan bere alkardunen artean bere adiskidetasuna zabaltzeko beste aizpen artean mundu guzian.

        Egin hoiek gatik ondo merezi du bere semearen maitetasuna «Euskaldunak-Bat-en Alkarduntzak» eta bere aurreneko dia-nagusiak, on Atanasio Zabala jaunak eta zuk, bere bigarren bereterrak.

        Joan zen hartan danok nai genduan jaio, bizi eta hil euskaldun moduan. Zuk, hitz neurtuarekin kantatzen diozu gure hango lur eta izaera ederrai; zure lorerik onenak eskeintzen dizkiozu ama euskara maiteari; inork ez ditu geiago merezi berak bano; seme onak ematen dio bere amari onetik onena, zuk egiten dezun bezala.

        Naitasuna etzait falta, nere ama euskararentzat; pozik emango nizkioke nik ere erramillete onak, banon nere baratzeko lorek ez daukate usairik, igarak daude. «Euskal Erria»k izan dezala beti zutan kantari eder bat, urte askotan, hau da nere naitasuna. Adiskide maitea, Agur!

 

Elcano

EUSKAL ERRIA, 1912-XI-24

 

        [1] Zein ote da 1912ko azaroaren 24ean, Montevideoko «Euskal Errian» Elcano adiskideak Jose Mendiagueri gogoratzen dion «Euskaldunak-Bat» deitu «alkarduntza»-ren oroitzapena? Gure iduriko Jose Mendiaguek bere anaia Martin Mendiaguekin eta adiskide zenbaitekin 1887an sortu zuena, San Jose hirian, non ez zen hiru urte lehenago, 1884ean, «Eskualdun guziak bat» Montevideon berean agertu zena, bainan iraun ez zuena. Atanasio Zahala delako jaunaren berri xeheagoak bagenitu zerbait argi genezake. Dena dela, lerro hauek Jose Mendiaguen betiko arrenguren berri emaiten digute.

 

 

 


www.susa-literatura.eus