ZER IKUSI DUTAN FRANTZIAN

 

                Airea: Otxalde eta Etxahun

 

Lau-hogoi-ta-hamaseigarren urtean [1]

Bisitaz izan nuzu, iragan astean,

Eta ikusi dizut, Frantzia barnian,

Makurra frango senar-emazten artian;

Holakorik ez dugu, guk Euskal Herrian.

 

Harritu ere banaiz, lehen presentzian,

Gizon errebelatu batzu ikustian,

Beti ostatuetan, andreak etxian,

Jatekorikan gabe haurrak miserian;

Holakorik ez dugu, guk Euskal Herrian.

 

Holako jauna on du andreak etxian,

Partikulazki zerbait eskasten denian;

Gizonari erraiten deusik dakonian,

Orduan sartzen zaio hasarre handian;

Holakorik ez dugu, guk Euskal Herrian.

 

Emazteak gizona hala ikustian,

Ixilik baratzen da, nigarra begian,

Dirurik gabe, deusik ezin sar etxian,

Zorra frango eginik ogi egilian;

Holakorik ez dugu guk Euskal Herrian.

 

Jaun hoien erretira da argi aldian,

Norbait enganaturik gauaren erdian;

Norbait zerbait ein behar ez ariz lanian,

Gogotik lotzen dira okasionian;

Holakorik ez dugu, guk Euskal Herrian.

 

Deboxkerian eta bai alferkerian,

Gizon tzar bilakatzen dira azkenian;

Bertzerik ezin asma, beren tzarkerian,

Nornahi hilen dute, plazaren erdian;

Holakorik ez dugu, guk Euskal Herrian.

 

Bihotza trixtatzen zaut, hortaz oroitzian,

Pentsamendu horiez jartzen nizanian:

Gauza hori ez dugu bakarrik Frantzian,

Manera berak dira Europa guzian;

Erran behar dut, salbu guk, Euskal Herrian.

 

Bat bera ez litake behar gutartian,

Manera hori duenik bere familian:

Haurrak ditzagun ase, amaren aldian,

Kuraie handirekin jarraikiz lanian,

Gostuan bizitzeko, gu Euskal Herrian.

 

Astea pasa-eta, biharamunian,

Hori erran nahi dut igande egunian,

Kartsuki otoitz eginez meza entzutian,

Jaunak emanen gaitu Zeruko bidian,

Hori irabazirik, guk Euskal Herrian.

 

Jean Bertrand Mendiague, Ahazparnekoa [2]

 

        [1] 1896. urtean Frantziako historian «Dreyfus kapitaina»-ren arazo famatu hartaz beste gertakari ohargarririk ez zen gertatu, gure iduriko, bizkitartean Hazparne-ko J. Bertrand Mendiague bertsulariaren arabera...

        [2] Jean Bertrand Mendiague, 1858-ko abendoaren 29an Hazparne Mozoteian sortua, Jose Mendiague-n anaia gaztena zen. Marie Claude Leon-ekin ezkondu zen eta izan zituzten bos-pa-sei haurretarik bat bederen, Leon Mendiague (1889-1977) aski ezaguna izan zen Baiona-ko Pannecau karrikan, pilota larruztatzale bezala. Honen etxen hil zen J. B. Mendiague 1935eko urriaren 23an, Baionan.

 

 

 


www.susa-literatura.eus