«HAITZA»-REN MOLDATZAILEARI

        (Gazetaren urte-betetze ohoretan)

 

Mila-zortzi-ehun-eta-lau-hogoi-hemeretzi garrenean [1],

Gure artera agertu zinen, denentzat ideia onean,

Geroztik hunat, beti ari zira gure onetan lanean;

Felizitatzen zaitugu denek zure urte-betetzean.

 

Hau da zu ganik lehenbiziko aditu ginuen hitza:

«Nitaz behartzen denari, beti eginen diot laguntza».

Orai artean bezala hola konplituz zure promesa,

Zure obra onez oroituko da Euskaldunaren bihotza.

 

Gure anaiak, segi zazue bihotzez zuen obrari;

Laguntza beti hola eginez hortaz behartzen denari;

Euskal Herriak adoratzen du arbola saindu eder hori;

Alde orotan hedatua da eskerrak zuen lanari.

 

Arbola saindu, paregabea, zutan dugu esperantza;

Lehenago ere, Euskal Herrier ein diozute laguntza;

Galdu zintugun eta geroztik zure ondoan gabiltza,

Nahiz pasatu zure itzalean gure munduko bizitza.

 

Zu galduz geroz, ama Euskarak eiten dituen nigarrak;

Beti oihuka bere semier: Non zarete nere haurrak?

Ez gaiten ibil haren ihesi, aldean bizi beharrak,

Lagun gitzazu, eman ditzogun behar dituen indarrak.

 

Arbaso zaharrak, zuri begira, kontentik daude zerutik,

Ikusiz zure erroek indar eiten dutela lurretik,

Jartzen zarenean adarrez zabal, hosto berdez beztiturik,

Zure itzalak ez du izanen mundu guzian parerik.

 

Egin ahala egin zazue, «HAITZA»-ren moldatzaileak,

Beti buruan atxik ditzagun aiten kostuma nobleak,

Ama Euskarak galdu ez ditzan aldetik bere umeak,

Euskal Herriko legean ezar ditzagun gure semeak!

 

Jose Mendiague

EUSKAL-ERRIA, 1913-VII-13

 

        [1] Buenos-Aires-eko «Eskual Herria»-ren orde, 1899an agertu zen «Haitza», J. Sescosse-n zuzendaritzapean. «Gazetaren urtebetetzea» 1900eko uztailean gertatu zen, Mendiague-n kantu-liburua «Haitza»-k argitaratu-ta berehala. Bertsuak ordukoak dira, nahiz askoz geroago agertu ziren «Euskal Erria»n Montevideon (1913-VII-13).

 

 

 


www.susa-literatura.eus