NI KANTUZ ZAKUAN
SARTUKO NAUELA DIOEN BATI
Airea: Frantzian zer den gertatu...
Ez dakit nor den hobendun:
Letra izan dugu egun,
Hazparnerat bi bertsu igor ditzagun.
Kontrarioa, urrun,
Kexu ote dugun?
Beldur naiz gure kontra samurtu zaukun,
Galdez, badakigun
Guk, zenbait jakintsun;
Han ez zaiola ezagun,
Ongi dezakenik lagun.
Berak erran omen du, sinets dezagun,
Hura bezalakorik ez dela nehun.
Irigoin, [1] bertsularia
Zirade, edo nahia.
Zer gizona! Bazinu jakitatia.
Zure fantesia
Ez dago ttipia,
Ustez azpian duzun mundu guzia.
Urguilu hartzia
Ez da zuhurtzia.
Otoi emazu guardia,
Ez zitela hola abia,
Desir baduzu bertzer erakustia,
Lehenik hobe duzu ontsa ikastia.
Ez zireia enoatzen,
Beti ene atakatzen?
Zerbait erran dezadan nauzu bortxatzen,
Ez naiz abiatzen
Nehoren mendratzen,
Ez bainaiz ikasia gaizki mintzatzen.
Hola bazira artzen
Zu ene xerkatzen,
Orduan duzu jakinen,
Enetzat nagusi ziren,
Idi zaharra ere baita kexatzen,
Akuluaz sobera bada sistatzen.
Mintzo zira guzieri,
Zu zirela buruzagi,
Nahiz obra handirik ez den ageri
Ez zaitela jarri
Zu, zuhaur jujari,
Jendiak ein ez dezan sobera irri.
Kontseilu onari
Beha zaite beti!
Hau behar duzu ikasi,
Eta ahanztera ez utzi,
Gizona, izaiteko denen nagusi,
Espantu egitea ez dela aski.
Guk dugun jakitatia
Ez da biziki handia:
Guhaurek laudatzeko gure buruia,
Hobe dugu uztia
Bertzeri karguia,
Ontsa juia dezaten gure auzia,
Erranez egia,
Zirenetz hobia.
Nahiz ez den balentria
Gaztek ene garaitzia;
Flakatzen hasia dut izpirituia,
Bainan oraino ez dut arras galduia.
Urguluia utz burutik!
Denek badakite engoitik,
Ez girela munduan guhaur bakarrik,
Badela bertzerik,
Gu baino hoberik,
Batere ez dutenak gure beldurrik.
Hek hasiz geroztik,
Ez egin dudarik,
Ez egoitekotz ixilik,
Ikus dezagun lehenik
Hasi behar girela berri-berritik,
Orai artian ikasi duguna-gatik.
Artzen zira espantuka,
Zu zirela denen aita.
Nolakoa ote da semeen planta?
Nola errespeta
Ikastia on baita,
Ez zazula munduan nehor laidosta!
Gaude pentsaketa
Zer duzun suieta:
Beti bertzez elheketa,
Egin'tuzten lanen kontra
Ez zazula zure obra sobera banta;
On guti gelditzen da txarra kendu-eta.
Horrenbertze desafio!
Elgarrentzat eskarnio!
Hori ez dela ontsa erakuts niro,
Hoi dela medio,
Mila kontrario
Gizonak mundu huntan harrapa diro.
Bat bertzia baino
Nahiz joan gorago,
Ez burua hola bero,
Dolu ez dakizun gero.
Ontsa mintzatzia ez da nehun kario,
Guti gostatzen da eta hainitz balio.
Ene kantuz garaitzia
Eta zakurat biltzia,
Zuk diozu ez dela lan bat handia.
Aise da erraitia,
Ezinez egitia.
Ontsa konpreni zazu arrapostuia:
Zuk duzun guzia,
Hauxe da gaztia,
Buruan banitatia,
Ttipia jakitatia;
Ez bada handiago zure zakuia,
Ez nuzu aise ikusiko barnian sartuia.
Ez zaitela ofentsatu
Klarki naizela mintzatu,
Ez ginuke hortarik behar makurtu.
Elgarri errespetu
Ekartzia hobe dugu:
Oneski mintzatziak parerik ez du.
Huts einak barkatu!
Nehor ez mendratu!
Lehenik eskolak hartu!
Gero, zuk nahi baduzu,
Bertzer erakustera errient sartu,
Ni ere ikastera jinen nitzaizu.
Jose Mendiague
EUSKAL-ERRIA, 1913-V-25
[1] Lehen haren izenik agertu gabe igorri balin bazizkion Petti Irigoin-i Jose Mendiague-k «Firmarik gabeko bati» bertsuak, oraiko althan Irigoin izena ezartzeko ez du gupidarik. Erran behar da, «Kaiet axeria», «Bardoztar arotz abila» eta beste horrelako zenbait kobla ateratuz geroz Petti-ren fama eta ausartzia ez zitezkela tipituz joanak (ikus, J. Hiriart Urruty, op. cit.).