MONTEVIDEO-KO ARRAIN-SALTZALE
BATEN ZALDIAREN BIZIA

 

                Airea: «Nahi balin bagira hil-eta salbatu...»

 

Esplikatzera noa zaldi baten planta,

Ez zaiteztela otoi, nehor espanta,

Alde guzietarik dolugarri baita,

Aspaldian galduak ditu ama eta aita,

        Barnetikan hits da,

        Laburtua bista,

        Ezin ontsa trata,

        Beti zerbait falta,

Erremedio onik horrentzat ez da.

 

Sortuz geroz bizi da munduan penetan,

Udan beroz, neguan hotz-ikaretan,

Batian ferietan, bertzian karriketan,

Zangotik maingu eta besoez herrestan,

        Joka kostilletan,

        Kurri dadin trostan,

        Tatxarik ferretan

        Sekula ez du izan,

Ez du nagusi txarra Ameriketan.

 

Burua apal dauka, begiak ilunak,

Ez du alegeratzen bere fortunak;

Lotsaturikan dauka egun oroz lanak,

Indar ein behar-eta, ahulduak zainak,

        Hortzak eta haginak,

        Lan guti eginak,

        Zorrotzak letainak,       

        Zilintzan ezpainak,

Ez du fatura txarra etxean daukanak.

 

Goizetan badabila, kargatua arrainez,

Pasatzian guzier agur emanez;

Ez du fantesiarik sekulan indarrez,

Noiz nahi eroria lurrerat belaunez,

        Gogor da errainez,

        Bizi, guti janez,

        Sabeletik minez,

        Non nahi eginez,

Nehor ez daite hurbil horn usainez.

 

Indarrik ez du, bainan badu malezia,

Freskorik pasatzeko bere bizia;

Bizkarreko larrutik hartzen du airia;

Uliak ezin kenduz bataila gorria,

        Heiekin du auzia,

        Aspaldi hasia,

        Neke irabaztia;

        Hau du desgrazia:

Gaizoak buztana errotik dauka hautsia.

 

Gizenaren partetik bizi da bakian;

Bortz ontza haragi ez du gorputz guzian;

Gastu guti egiten du «alfafa» [1] berdian;

Ez du hortzik hautsiko artoa jatian;

        Segur du arratsian

        Lastoa establian,

        Belarra pentzian,

        Ura iturrian,

Holako nagusia daukano etxian.

 

Zaldi hori jabiak dabilan moduan,

Ez du hezur osorik bere buruan,

Makila batez joka, lan egin onduan,

Kriminel bat bezala ez dago trenpuan,

        Etxe inguruan,

        Deus ez den lekuan,

        Korda bat lepuan,

        «Grilloak» zanguan,

Penitentzia frango eginez munduan.

 

Pena frango badauka, mantentzione guti;

Ez zaio hainitz gostatzen nagusiari;

Gosiak dauka eta nonbaitik jan nahi,

Ez da delikatua, on zaio zernahi,

        Lotzen da orori,

        Ahal badu beti,

        «Berduleroeri»

        Janez zonbait arbi,

Gibelaldia ez dauka sekulan garbi.

 

Errefriatua da, joan den aspaldian,

Ez dauka soinu txarra bere barnian,

Aintzin-gibeletarik, eztulka, errabian,

Beti musika bera etxian to bidian,

        Zorna muturrian

        Eta bizkarrian,

        Zilo bat erdian,

        «Llagak» zintzurrian,

Ez da horrenbertze gaitz ospitalian.

 

Lepoa mehe dauka, belaunak lodiak,

Ez ditu leku batian tatxa guziak,

Beharriak dilingan, bekainak hautsiak,

Ontsa karesatzen du bere nagusiak.

        Gose eta egarriak

        Zimurtuz hertziak,

        Bihotzik gabiak,

        Holako jabiak,

Berak merezi luzke penen erdiak.

 

Ez dela aserik etzan, badu zenbait urte;

Zaldariak ez dio egiten kalte;

Kanpoko ihiziek salutatzen dute;

Pesta eginen dutela horrekilan uste.

        Hortaz dago triste,

        Hilen dela fite.

        Asetzen balute,

        Kuraie baluke,

Nagusia sanjatuz senda ditake.

 

Ez badu harrapatzen mantenu hoberik,

Triste partituko da mundu huntarik,

Hezur eta larrua zakurrer utzirik,

Haragia arranoer ontsa adobaturik,

        Miruak hertzetik,

        Beliak begitik,

        Lot diten gogotik,

        Testamentu eginik,

Azken hatsa jabiari, gibelaldetik.

 

Jose Mendiague

EUSKAL-ERRIA, 1912-XII-01

 

        [1] Beretik: «alfafa»=luzema; «grillo» = traba; «berdulero» = baratzekari saltzale; «llaga» = zauri.

 

 

 


www.susa-literatura.eus