GIZON ZAHAR BATEN ARRENGURAK

 

                Airea: Azken judizioa

 

Nere herritik izan dituddan paper batzuek diote,

Mundu huntan nik baditudala hiru-hogoi-ta-zazpi urte; [1]

Denbora batez, adin huntara heltzerik ez nuen uste,

Pazientzia hartu behar dut: Beti ez gaitezke gazte.

 

Gazte denbora pasatu izan dut, bertze hainitzek bezala,

Ilusionez dena betia, ustez bertzerik ez zela,

Zango besoak zalu eta azkar, bero bainuen odola;

Orai ardura etxian nago, jarririk, humil-humila.

 

Besoak ere gogortu zaizkit; zangoz ardura herrestan;

Denbora batez aise eiten nuen kantu ta dantza plazetan;

Oraino ere egin nezake, banu indarrik zainetan;

Geldi eta ixil egon behar naiz, zaharturikan, penetan.

 

Soinua non zen adituz geroz, loriatua, dauzika,

Harat joaiteko beti prest nintzen, laneko tresnak utzi-ta;

Dauziak oro utzirik, orai, ardura bidian mainguka;

Alde orotarik mila arrengura, hau dut oraiko musika.

 

Halarik ere iduritzen zaut gazte ta azkar naizela,

Ni zer gizona! Ahala banu ideia dudan bezala!

Bainan nihaurek ezagutzen dut odola hoztu zautala:

Erroak behin eihartuz geroz, lurrerat doa arbola.

 

Mundua zer den ezagutzeko, urratsa frango eginik,

Penitentzia nerekin daukat, bekatuaren ondotik,

Orduko nere erokeriak ez zaizkit joaiten burutik,

Jainkoak, zertako ideiak daizt utzi indarrak kenduz geroztik?

 

Ez nuke nahi, bainan behar naiz oraikoan bortxaz zentzatu:

Lehenagoko ene furiak adinak daizkit garaitu;

Sortzian egin zorra badakit behar dudala pagatu;

Halarik ere, bizi naizeno, beti eginen dut kantu.

 

Fite mundutik joanen naizela, gaztek naute abisatzen:

Uste ote dute nihaurek hori ez dudala ezagutzen?

Arrapostua eman nezake, berek kasu ein dezaten;

Ni baino hainitz gaztiagoak ikusi ditut partitzen.

 

Hau da lege bat, gure Jainkoak guziendako egina,

Mundu huntara sortuz geroztik konpli dezagun emana;

Huntarik ez da nehor salbatzen, izana gatik fortuna,

Lurrian utzi behar baitugu lurrian izan duguna.

 

Lurra dugula denek nagusi sinets dezagun ordu da:

Lurrak emaiten 'tuen fruituak, lurrian gelditzen dira;

Lurra da gure azken egoitza, lurretik bizi baikira,

Goiz edo berant, nahi ala ez, lurrian sartuko gira.

 

Batek bertziari emaiten badu zahar hunen hil berria,

Bazterretikan adituko du zuzen den arrapostuia:

«Guk egin behar dugun bezala, egin dik bere aldia,

Munduaz ontsa probetxatu duk, ez zuian orai sortuia!».

 

Ni hil ondoan, neretzat ez da nehun mezarik emanen,

Hortaz segur naiz, pagatzalerik nehun ez baita izanen,

Adiskideri hau galdatzen dut, ez baita hainitz gostatzen:

Bihotzez, denek kanta zazue: «Requiescat in pace, Amen!».

 

Jose Mendiague

ESKUALDUNA, 1912an otsailaren 9an

EUSKAL ERRIA, 1912an azaroaren 3an

 

        [1] 67 urteen kondua eginik, 1912an idatzia zen kantu honetarik atera dugu Jose Mendiague 1845ean sortua zela eta egiaz Aldudeko paperetan irakur daiteke 1845eko apirilaren 27an, goizeko 8etan sortu zela, Joseph, Francois Mendiague guardaren eta haren emazte Catherine Larregain-en semea.

 

 

 


www.susa-literatura.eus