JOSE MENDIAGA-RI,
MONTEVIDEO-RAT GORAINTZI
Airea: «Bidarraitarra nuzu... ».
Nahiz gaztea nizan oraino adinez,
Hogoi-zazpi urteak ezin eginez,
Zuri buruz ni nago, Mendiaga, zinez,
Behar dudan laguntza, kantuz, galdeginez.
Zuk zerbait erranez,
Sendimendu onez,
Kanpoz eta barnez,
On ote nizanez:
Laguntzak on dira... zerbait dakitenez.
Euskal Herrian ez da hainitz pertsulari,
Diren bakarrak ere ez zaizkigu ari,
Arras zahartu dira, eskerrak Jainkoari!
Nonbait, ene aldiko gertatzen da hori:
Nehor kontseilari,
Nihun ez bidari,
Bakarrik niz sarri,
Frango triste jarri,
Zuri nago, semea nola aitari.
Bi pertsulari zahar Euskal Herrikoak,
Denboraz izanak neurrigabekoak:
Zonbait pertsu eman du, Adema [1] kartsuak!
Eta bertze hainbertze Dibarrart [2] gaizoak!
Orai zahartuak,
Daude ezinduak,
Bozak ahulduak,
Akitu buruak,
Noizbait bera behar, izpirituak.
Horra adin handiak zer daizkun ezarri;
Xahu ginen zu ez bazine jazarri.
Ez zakozula barka, hasi guduari!
Arbasoek artatu lehen mintzaiari,
Gure Euskarari;
Ohoreak hari,
Mintzaien amari,
Jainkoak eginari:
Argi bat eman du hori munduari.
Lurreko jakintsunek erraiten dutena:
Euskara da mintzaietan ederrena,
Eta, bertzeak bertze, orotan lehena,
Hortarik hasi baita bertzen hastapena,
Beti hainitz pena
Izatu duena;
Berriki azkena,
Ahanzten ez dena:
Debekatu nahi... ein ez dirotena.
Don Jose Mendiaga, Montevideo-tik,
Euskaraz emazu, kantatzen gogotik!
Ni ere ariko niz Euskal Herritik.
Ez daukute kenduko mintzaia, engoitik!
Jainkoak zerutik
Egin du errotik;
Segur niz geroztik,
Guziak mundutik
Joanen gira, Euskara utzirik xutik!
Hasi pertsuak ditut orai akabatzen,
Barkamendu dautzut huts einez galdatzen.
Igorri nahi nautzun, hemen zer berri zen;
Euskal Herria nola zaukun gobernatzen:
Joanes Xetre [3] hil zen,
Otxalde [4] bardin zen,
Etxahun [5] Barkoxen,
Zerurat joan ziren.
Zeru gain hartarik gaituzte entzuten!
Erramun Darraidou
EUSKALDUN ONA, 1904-XII-16
[1] Adema Gratien, «Zalduby» apez eta bertsulari kartsua (1828-1907) zahartua zelarik bai orduan, Jean Etchepare medikuak ongi ezagutu zuen Aldudeko uretan: ikus «Buruxkak», J. Etcheparen liburuan, haren oroitzapena, 1. argit., 156. orr.
[2] Piarres Dibarrart, Baigorriko xantrea (1838-1919) XIX. mendeko bertsulari hoberenetarik izana zen: ikus ere J. Etchepare, «Buruxkak», 1910, 145. orr.
[3] Joanes Iribarnegaray, «Xetre» sortzez Lekuindarra, Hazparnen bizi izan zen: ikus J. Hiriart-Urruty, «Euskaltzaindian sartzeko hitzaldia», «Euskera», 1977-2, 334-338. orr.
[4] Janbatit Otxalde, Bidarraitarra (1815-1897) asko aipatu dugu aintzineko kapituluan.
[5] Pierre Topet Etxahun (1786-1862): ikus J. Haritschelhar-en tesi klasikoa, «Le poete souletin, Pierre Topet-Etchahun , Biarritz, 1969.