ERRAMUN DARRAIDOU-RI
HAZPARNE-RAT MONTEVIDEO-TIK

 

                Airea: «Bidarraitarra nuzu... ».

 

Mila-bederatzi-ehun-hirugarrenian,

Abenduaren hogoi-eta-zortzian,

Hemen nago letra bat hartua eskuian,

Bertsu eder batzuek baditu bamian,

        Hoien ikustian,

        Hartu dut buruian,

        Nere zaharrian,

Arrapostu egitia ixtant berian.

 

Bertsuak izan ditut Lapurdi aldetik,

Mutiko gazte batek ongi emanik;

Ideia onak dauzka, hartuak gaztetik;

Ez du nahi, Euskara gal dadin mundutik,

        Nahi du ni ganik

        Laguntza, hemendik,

        Ameriketatik,

Ein ahala einen diot, nere partetik.

 

Hazparne-ko Raymondo Darraidou gaztia, [1]

Estimatzen dut zure borondatia;

Zure partetik orai badut ohoria;

Ez dakit zertan dudan merezimenduia;

        Ontsa mintzatzia

        Daukazu ikasia,

        Zer gauza handia!

Trankil pasa dezazun zure bizia.

 

Gazterik hasi zira kantatzen ederki,

Zure ideia onak erranez klarki,

Errespetu ekarriz gizon zaharrari;

Etsenplu emaiten duzu gazte laguneri;

        Hola har zaite beti,

        Mintzatuz oneski

        Beha daudeneri;

Ez dakienak, zerbait dezan ikasi.

 

Ni ere, lehenago, gazte naiz izana;

Zahartu naizeneko jin da ene fama;

Deus ez laite, banauka nik jakintasuna.

Ez da hainitz agrados holako izena;

        Jiteko zu gana,

        Banauka fortuna,

        Hau da ene pena,

Ez baitirot satifa, desir dudana!

 

Ni bezalakorikan nehun ere ez dela,

Igorri izan dautazu bertsutan hola;

Euskal Herri guzian laudatzen nautela;

Ez da bada handia nik dudan eskola;

        Ez daukat odola

        Gaztian bezala;

        Galdu dut ahala;

Itzal ttipikoa da holako arbola.

 

Abisu hau ni ganik, otoi ez har gaizki,

Jaunen jaunak badira munduan beti!

Ez naizela bakarra, behar duzu onetsi,

Laudorio guziak ez ditut merezi;

        Mintzo naitzu klarki;

        Hainitz dut ikusi

        Enetzat nagusi,

Heientzat ere zerbait behar da utzi.

 

Nik izana gatikan zonbait ene alde,

Kontrarioak ere frango badire;

Berak nola hari diren kasurik ein gabe;

Ene hutsen guardian, errabian, daude;

        Kausitzen badute,

        Ez dira herabe

        Erraitera fite;

Huts eiten ez duenik ez da bat ere!

 

Kantuz hartzeko ideia duzula goguan,

Gauza ederragorik ez da munduan;

Errespetua hola atxikiz buruan,

Ez zaizu dolutuko, zahartu onduan.

        Ene adinian,

        Heltzen zirenian,

        Omore onian,

Kantu eginen duzu Euskal Errian.

 

Jose Mendiague

Montevideo-n emanak, 1903an, abendoaren 30ean

ESKUAL HERRIA, Baionan, 1904an, azaroaren 19an

 

        [1] Raymond Darraidou (1885-1970) gazterik hasia zen bertsu ontzen:

        «Eskualdun Ona»-k argitaratu zituen hauez bestalde guhauk bildu ditugu haren bertsu paper zenbait: ikus, P. Charritton, «P. Broussain, sa contribution aux etudes basques», Bordeaux, C.N.R.S., 1985, 207-208. 1914-1918ko gerlara joanez geroz ordea, Euskal Herritik urrun bizi izan zen, ezkondu eta familiatu. Alargundu ondoan Hendaiara itzuli bazen ere, bere alabaren ondora, Raymond Darraidouk, bertsularitza osoki utzia zuen gerlaz geroztik, eta etxekoek ez zekiten gaztean bertsutan ari izana zela ere.

 

 

 


www.susa-literatura.eus