KOBLARI BATI BURUZ

 

                Airea: «Bidarritarra nuzu, bai nahi ere...»

 

Buenos Aires-etara, ene herritar bati,

Igorri behar dazkot sei bertsu berri,

Kaseta «Eskual Herria»-n inprentan ezarri. [1]

Harat adrezatzeko igorri daut niri;

        Nahi banaiz ari

        Bertsutan elgarri,

        Prest dagola beti,

Arrapostu emaitera prepara bedi!

 

Hortik kaseta batzu izan'tut eskura,

Irakurtu baititut neure gostura;

Bertsulari batzuer egon naiz begira;

Gu ere heiekilan abiatzen gira;

        Ez naiz hainitz fida,

        Ontsa ari dira;

        Ene idurira,

«Mendi-Hurbil, guzien buruzagi da.

 

Orai hasiko dira kantuz, bi Hazpandar, [2]

Ez ginuke huntarik makurrik behar;

Elgarren laguntzeko ein dezagun indar!

Gauzak ontsa pentsatuz paperian ezar!

        Ez gaiten gaizki ar,

        Errespetu ekar!

        Egun edo bihar,

Besarkatuko dugu, bihotzez, elgar.

 

Ene jakitatiak ez du hainitz balio;

Inorantak enekin guti ikas diro.

Ez dut esperantzarik, saltzeko kario;

Erostunikan balitz, merke eman niro.

        Banintz gaztiago,

        Zu ganat jiteko,

        Zerbait ikasteko,

Segur naiz on zirela erakusteko.

 

Euskaraz kantatzeko baduzu gogua;

Jainkoak argi beza zure burua!

Ez duzu gaizki egin, zuk, pentsamendua;

Euskara ez dadin betikotz galdua.

        Gure sorlekua,

        Denez maitatua,

        Zutaz lagundua,

Oraiko gaztientzat zer etsenplua!

 

Hartu duzun ideia ez utzi burutik,

Laudatuko zaituzte Euskal Herritik.

Gure Herri maiteak egon diten xutik,

Ein ahala egizu Buenos Aires-etik,

        Ni Montevideo-tik,

        Bihotz bihotzetik,

        Ez izan beldurrik,

Nik lagunduko zaitut, ene partetik.

 

Jose Mendiague

 

        [1] «Eskual Herria» izeneko batasun eta aldizkari asko izan dira munduan. Aipatua dugu Los Angeles-en, 1893-1898 tartean agertu zen «Californiako Eskual Herria». Baionan ere, 1898an, » Eskual Herria» izeneko astekaria abiatu zen, besteak beste Jose Mendiaguen kantu zenbait argitaratu zituena, eta 1904ean «Le Pays Basque, Eskual Herria» bilakatu zena. Hemen ordea Buenos-Airesen, 1897tik 1899 artino, igande oroz agertu zen «Eskual Herriaz» da solas. Bazter uzten dira ere, jakina, «Euskal Erria» Donostiakoa (1880-1918) eta «Euskal Erria» Montevideokoa, 1912an, Mendiaguen beraren eta beste zenbaiten eskutik abiatuko dena.

        [2] Hainitz bertsulari izan dira Hazparne aldean XIX. mendean. Etxe berean aurki zitzakeen anaia gaztena Jean Bertrand eta arreba tipiena Kattalin, bere liburura biltzen dituenak Jose Mendiaguek. Aipatzen ditu ere bere bertsuetan Katxo eta Bordaxuri famatuak, Putxuna guretzat ezezaguna, Petti Irigoin eta Erramun Darraidou. Bizkitartean ez dugu argitu ahal izan nor ote zen Buenos-Airesetik «kantuz ari zitzaion Hazpandar bertsularia».

 

 

 


www.susa-literatura.eus