EUSKALDUNAK BUENOS-AIRES-EKO
ESPOSIZIONETAN

 

                Airea: «Gernikako arbola...»

 

Izan da bozkario Buenos-Aires-etan,

Esposizioneko pesta eder hortan; [1]

Euskalduna ageri zen alde guzietan,

Iparragirrek egin obra eskuetan.

 

Hoinbertze mila arima, gure bazterretan!

Ohoratu gaituzte, xapela eskuetan;

Zer alegrantzia zen gure bihotzetan!

Ikusiz maitatuak alde guzietan.

 

Kantatu izan dugu «Gernikako arbola»,

Munduak ikus dezan bihotzian dugula;

Erro onekin landariak utzi zituela,

Sekulan gal ez dadin euskaldun odola.

 

Erori izana gatik goratik behera,

Oraino haren arraza xuti daite bera;

Elgarrendako fidel egoiten bagira,

Hark utzi landariak zabalduko dira.

 

Espainol eta frantses Kantabriakoak,

Lehoinaren pare, bihotz noblekoak,

Garenaz geroztikan denek maitatuak,

Ez ahanztera utzi gure sorlekuak!

 

Gure Euskal Herriak, leku famatuak,

Munduan dira beti ongi estimatuak;

Hola bizi direnak, emanez eskuak,

Ez ahanztera utzi gure sorlekuak!

 

Holako pesta ederrak eginez ardura,

Denak elgarren ganat hurbilduko gira;

Ideia onak hartuz guziek burura,

Galdu dugun arbola jinen da nundura.

 

        [1] 1890ean eta 1910ean izan ziren Buenos-Aire-eko «esposizione» handienak. Hemen 1890 ekoaz mintzo zaigu gure bertsularia.

 

 

 


www.susa-literatura.eus