OTXALDE «ENTRE-RIOS»-ETAN

 

                Airea: «Nornahik zernahi erranikan ere...»

 

Gualeguay-rat jin zauku guarda bat, Otxalde, [1]

Bi bertsu emaiteko ez da herabe;

Ezagunak girade, lehenago ere,

Hortakotz ni ez nauke salutatu gabe.

Banuke kuraie, gazte izanik ere,

        Gertatzen bagire,

Gau baten pasatzeko loakartu gabe.

 

Ene herria Hazparne, zurea Bidarri,

Hurbilekoak gira, biak elgarri.

Nahi balin bazira, ni ganat etorri,

Gostua emaiteko euskaldun jendiari,

Badugu haragi, amo eta ogi,

        Bertzetarik guti,

Ez zaitut atxikiko gose ez egarri.

 

Zu guarda izana zira, ni guarda semia;

Guretzat konbeni da libertitzia;

Desirazen nikezu, zure ikustia,

Zurekin egoiteko badut gutizia,

Nahiz zuretzat den nagusi izaitia,

        Daukat sinetsia;

Halere plazer nuke aldean jartzia.

 

Omore ona daukat, gazte eta alegre,

Miseriaz betia izanik ere.

Sekulan enekilan gertatzen bazire,

Mintzaturen nitzaizu, mesprexatu gabe;

Badakit zirela ni baino hainitz hobe,

        Hortaz segur zare,

Ni ganik badukezu beti ohore.

 

Afizionia badut bertsutan hartzeko,

Nahiz ez naizen zuri konparatzeko.

Atrebitu izan naiz hauien emaiteko;

Segur naiz ez zaiztala ordainak faltako;

Desiratzen nago zure aditzeko,

        Hobeki ikasteko,

Badakit on zirela erakusteko.

 

Porto-Ruiz-en [2] bizi naiz, fabrika batian,

Ikustera jin zaite, nahi duzunian.

Nahiz okupatua nagoen lanian,

Eguna galduko dut jiten zirenian;

Esperantzan nago, joan den aspaldian,

        Jartzen naizenian,

Zerbaiten ikasteko zure aldian.

 

Jose Mendiague

 

        [1] Argentinan, Entre-Rios-eko Gualeguay herrian zeukaten seme bati buruz etorri zirela J.B. Otxalde eta Marie Peydouvan haren emaztea, badakigu. Geroago Otxalde bera Euskal Herrirat itzuli zela ere jakin badakigu, bainan noiz egin zuen Otxaldek Gualeguay-ko joan etorria, hori ahal bezala karkulatu behar dugu: Guardagoa eta faturgoa utzi ondoan, 1872an utzi zuen Otxaldek Bezkoitze; 1878ko Sarako euskal bestetara egorri zituen «Kilo-egilearen kantuak»; gure iduripena da beraz, 1872-1878 tarte horretan gertatzen direla bai Otxalderen itzulia, bai Mendiaguen bertso hauek.

        [2] Entre-Rios-eko Gualeguay herritik 12 kilometrotan dago Puerto Ruiz-eko herria. Ez genuen sekula jakinen Jose Mendiague egona zela Argentina alde horretan, «fabrika batean», ez baligu berak bertsu hauetan salatu. Noiz ote? Otxalderen gatik aipatu dugun 1872-1878 tarte horretan urte bat izan zen, guziz gogorra Uruguay-ko jendearentzat —horretan asmatu baitugu ere «Montevideoko berriak» eta «Montevideoko manera» kokatzea— hori da 1875.a, «urte izigarria» deitu zutena. Urte berean bil genitzake gertakari ta kantu horiek guziak.

 

 

 


www.susa-literatura.eus